Itsaso zakarrak behin eta berriz jotzen du Jaizkibelgo bazterra. Aparra joan eta aparra etorri, ezkutuan gordetzen ditu marearteko sekretuak, begirada maltzurretatik libre. Bizkaiko Golkoan nekez ikus daitezke tamainako labarrak edo itsasertzeko arroka multzo basatiak, eta izango da bizileku horretako bitxikerien mireslerik, tarteka urperatzen hura ere.
Eskualdeko adinekoenek ziur jakingo dutela nola aritzen ziren garai batean alga bilketan baserritar ugari. Hazienda lanak amaituta han jaitsiko ziren labarretan behera uretako landare itxurako zera haien bila. Sokak eta egurrezko arrastoak daude kostaldeko hainbat tokitan, utzita erabat, algak biltzeko ohitura bezalaxe. Dena den, ur gainak erakusten du behea nolakoa den, eta inguruko itsasbazterretan ez bezala, ur epeletako algak dira gurean nagusi. Bretainiako eta Galiziako ur hotzen aldean, Jaizkibelen goxo daude alga gorri eta arreak. Batzuek karezko egiturak eta guzti dituzte, eta egitura txol xelebreak eratzen dituzte.
Lehia handiko eremua da marearteko zona, gogorra zinez, lehorte eta eta gazitasun handiko garaiak tartekatzen direlako itsaspeko oparotasun aldiekin. Batetik bestera apenas igarotzen da sei ordu. Pentsa gu geu goizez Saharan izango bagina eta arratsaldez Iratiko pagadi fresko batean. Egunero. Neurri handi batean lehia horrek eraginda, aberastasuna itzela da, eta algez gain bizidun klase guztiak daude oso eremu txikian. Arroketara itsatsitako lapak, zirrikituetan goxo heldutako lanpernak eta haien lehengusu karramarroak, nekorak eta mixerak. Moluskuen familiako ahaide guztiak ere batetik bestera aritzen dira: karrakelak, muskuiluak… Animalia gehienek ura iragazten lortzen dute elikagaia, baina azkenaldian janariaz besteko substantziak ere irensten dituzte. Hona ere iritsi da izurria.
Zergatik dira Jaizkibelgo urak ingurukoak baino epelago? Mexikon bilatu erantzuna…
Itsas hondakinak dira errudun. Aldaketa globalaren barruan ekosistemen suntsitzea eta bizidun aberastasunaren galera dira arazo potoloenak klima aldaketarekin batera, eta giza jardueren ondoriozko hondakinek egoera okertu baizik ez dute egiten. Plastikozko hondakinek itsasoan amaitzen dute, eta degradatzerakoan zati nimiño bihurtu. Mikroplastiko horiek, ondoren, tankera guztietako bizidunek jaten dituzte, bereziki iragazleek. Horien kasuan, etengabe ura iragazten ari direnez, haien gorputzetan pilatzen dira plastikoak, bioakumulazio izeneko prozesuaren bidez. Bestalde, gainerako bizidunak ere ez dira libratzen, arrain batek, esaterako, muskuiluak janez gero, ehizakiaren bidez irensten baitu plastikoa. Horrela, sare trofikoan gora egiterakoan ere plastikoak metatu egiten dira, biomagnifikazioa gertatzen baita.
Jaizkibelgo kostaldea ez da arazo honekiko salbuespen, eta hasieran deskribatutako paradisu intermareala, gainerako itsas ekosistemen eran, zeharo mehatxatuta dago. Egiturazko neurriak eta norbanakoen erabakiak behar dira egoera iraultzeko, eta eskualdeko hainbat ikastetxek heldu diote jada itsas hondakinen erronkari. Ekofish proiektuaren bitartez Lezo Institutuko eta Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleek ere itsas hondakinen jatorria, eragina eta arazoak ikertu dituzte. Behin arazoa ezagututa, taldeka etorkizuna aldatzeko moduko proiektu bana jarriko dute martxan. Jaizkibelgo kostaldeko bizilagunen izenean, zorte on!
Utzi erantzuna