Zorroztarria – Editoriala (11)

Zorroztarriaren ideia ona nuen txikitan. Segapotoan gordeta, hura noiz erabiliko zain izaten nintzen. Kamustutako sega atzera belarra ebakitzen ikustea, magiaren parekoa zen. Belar metak ere badira oroitzapen horietan, baita tankera ugaritako animaliak ere. Ipurtargiek udararen etorrera iragartzen zuten, eta San Juanetan ikusten genituen triku kumeak, zelaian eroso bizitzen inolako eragozpen edo mehatxurik gabe. Ziraunak sigi-saga ibiltzen ziren, sagastian ahantzitako objektuen azpian gorde-gordeka, behinola musker izan zirela seko ahaztuta. Iragan patxadatsu batekin egiten nuen topo, zorroztarriaz oroitzen nintzen bakoitzean.

Egun, ordea, zorigaiztoko ideiekin lotzen dut, halabeharrez. Aurreko istorioa ez bezala, ezaguna egingo zaizu hau, denon kalterako. Zorroztarriek bestelako objektuak lantzeko gaitasuna dute, aurretik izan gabeko itxura bat ematekoa. Gurean, aldiz, molde berdinean sartzeko saiakerak izaten dira horrelako antzaldatzeen helburua. Guztiok itxura eta izaera bera izatekoa. Umeak sortu diren momentutik janzten ditugu urdinez zein arroxez. Nerabezaroa izan daiteke, agian, zorroztarri latzena. Emakumeen kasuan liraintasun perfektuan sartzeko ekiten du tramankuluak, gizonezkoen kasuan, gorputz kirolari eta sendoak zizelkatzeko. Bestalde, hainbatek uniformetasuna lortzeko erabiltzen dute zorroztarria, homogeneotasuna zentzu guztietan: orientazio sexualari dagokionez, bikote ereduei dagokienez, edo familia ereduei erreparatuta, esaterako. Ez pentsa heldutasunean amaitzen direnik eredu bakarrean sartzeko saiakerak, zorroztarriak orduan ere ekiten baitu. 

Etsipenean erori gabe, zorroztarria kamusteko garaia da, segapotoan gordetzekoa, eta normaltasunari ertzak, ez purutasunak eta aniztasunak gehitzeko tenorea. Bide batez, ea zorroztarriari garai bateko erabilera ere itzultzen diogun, basa animaliek eskertuko digute.  


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude