Iratitik – Gonapekoak

Larunbata da, baina hasi berri duen lanbidea burutik ezin kendu dabil Ilargi. Eraikuntza-enpresa bateko arkitektoa da, hamabi arkitektotan emakume bakarra. Behar adina ikasketa badu ere, bere lankide Diegok baino diru gutxiago irabazten du Ilargik.

Legamia-fabrikan gustura aritu zen lanean Xebastiana, harik eta ezkondu zen arte, 1957tik aurrera, Francoren aginduz, ezkondutako emakumeek debekaturik baitzuten etxetik kanpo lanik egitea.

Ainhoa kezkatuta dago. Beñat ezagutzen ari da, baina lagunartean partekatzeko beldur da, lagunek mutil guztiak gustatzen zaizkiola pentsatuko dutelakoan. Arrakasta handia dauka Ainhoak, eta mutilzalea dela askotan esan izan diote.

Bitorianari burla egiten zioten herrikideek, haren senarra baino lau urte zaharragoa zelako. Gaizki ikusirik zegoen emakumea gizona baino zaharragoa izatea. Lagun baten amak, Bitoriana kalean topatu zuenean, lotsa gutxiko emakumea zela esan zion. Esanak esan, berrogeita hamar urte baino gehiago egon ziren ezkonduta Bitoriana eta senarra.

Amaia tabernan sartu berri da. Lagunekin eseri da, kartetan jolasten ari den Iñakiri begiratu ere egin gabe. Elkarrekin oheratu ziren bi aste atzera, denek dakite hori, baina ordutik Iñakik ez ikusiarena egiten du. Irribarre bihurri bat irteten zaie Iñakiren lagunei Amaia ondotik pasatzen den aldiro.

Maria Luisa behartuta joaten zen josten ikastera. Ostegunetan, baina, Errenteriara egiten zuen ihes. Neska gazteak tabernan sartzea gaizki ikusirik zegoenez, zumardian egiten zuen dantza. Errenterian ez bezala, gogor zigortzen zuten dantza lotua Lezon. Zezen suzkoak zekarren iluntasuna baliatzen zuten Lezoko mutilekin dantza egiteko. Ezustean harrapatuz gero, elizan sartzean zinta morea jartzen zieten emakumeei lepotik zintzilik. Haiekin dantzan ibilitako gizonak ez zituzten sekula zigortzen.

Bart gaueko parrandaren kondarrak sentitzen ditu oraindik Garazik soinean. Tupustean Julen ikusi duenean, komunera bidean pasa eta baimenik gabe ukitu zuela gogoratu du. Ez dio barkatuko, ez baita hori egiten dion lehen aldia. Alkohola tartean denean, deseroso sentiarazten du Julenek. 

Bernardari sekulako nazka ematen zioten anaiaren eta aitaren arropa zikinek. Amak aginduta, ordea, astelehenero joaten zen muturtuta etxe ondoko iturrira, lixiba egitera.

Ane ispilu aurrean dago, Internet bidez erosi duen soinekoari begira, lasai jantziko duen eguna imajinatzen ahalegintzen da. Ez du lortzen. Galtza beltzak eta jertse urdina jantzi ditu, soinekoa beste baterako utzita.

Margarirekin maitemindu omen zen lantegiko bere arduraduna. Egunero-egunero uzten zizkion bonboiak kaxoian Margariri. Behin, San Pedroko jaietan, dantzan egitera gonbidatu zuen hark, baina Margarik ezetz esan zion. Kalabazak emateagatik haserretu eta lantegiko lanik zikinenak egin behar izan zituen Margarik denbora luzez. 

Denborak iraganez estali ditu emakume horien pasarte batzuk. Gauza bera esan nahi nuke gainotzekoez ere.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude