Pausoz pauso berdintasunerantz

Maialen Pikabea Huete.

Duela hilabete batzuk martxan jarritako korrika saioak fruitua ematen hasi dira. Lehenik San Silvestrea (3,5km), ondoren Lilatoian (5km), eta,  azkenik, 2022ko korrikan parte hartuko dugu.

Astelehenero biltzen gara, Koldobike Gezala pilotalekuan, arratsaldeko 19:00etan. Otsailetik aurrera, gainera, bitan bildu gara, astelehen eta asteazkenetan. Ez zaigu axola euria, hotza edo beroa egiten duen, gu berdin ateratzen baikara korrika egitera. Hamar bat pertsona gabiltza bertan, eta talde polita daukagu. Baina argi izan edonor batu daitekeela taldera.

Askotariko emakume lezoarrak biltzen gara astero, nor bere helburuekin, baina denok dugu jomuga bera: jarduera fisikoa elkarrekin egin, eta ongi pasatzea.

Ibilbideei dagokienez, Pasai Donibanera, Oreretara (Iztieta eta Fanderia) eta Altamira auzora joaten gara korrika egitera. Izan ere, beste ibilbide batzuk ere baditugu gordeta, eta beranduago iluntzen duenean egin nahi ditugu.

Kamisetak atera ditugu jada, Lezoko Emakume Korrikalariak esaldiarekin. Kamiseta hauekin talde bat garela erakutsi nahi dugu, eta, hala, ikusgarritasuna eman, bai Lezon, bai inguruan.

Pertsonalki, nire helburua astelehen eta asteazkenetan korrika egiteko gelditzeaz gain, beste edozein egunetan jarduera fisikoa egitea ere bada. Hori lortzen ari naizela uste dut. Gelditzen garen egunetan forma fisiko onean daudela erakusteko, asko haien kabuz joan ohi dira korrika egitera.

Esango nuke, azarotik hona izugarrizko aldaketa nabaritu dela, eta, orain, martxoan, tontorrera iristen ari garela. Hori lortuta, zailena etorriko da, mantentzea, alegia, baina astero erakusten duten grinarekin eta indarrarekin ziur nago 5 kilometro baino gehiago ere egingo ditugula!

Beraz, ez galdu aukera kamiseta lortzeko, eta korrika eginez ondo pasatzeko! 


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude