Hilekoa erdigunean

Maddi Etxebeste Ormazabal.

Gaur egun ezinbestekoa beharko luke hilekoaren higienerako produktuak doan eskuratzea, eta, horrez gain, erabilera bakarreko konpresa eta tanpoiez aparteko higiene-modu alternatiboak ezagutaraztea. 

Alde batetik, garrantzitsua da jakitea erabilera bakarreko konpresek eta tanpoiek kimikoak dituztela (lurrin desodoranteak, rayon, dioxinak, pestizida-hondakinak…) eta horiek bakterientzat esparru ezin hobea sortzen dutela hezetasunaren ondorioz.

Bestalde, gehiago ezagutarazi behar dira erabili eta botatzeko ez diren beste aukerak; hilekoaren kopa, oihalezko konpresak edo hilekoaren kuleroak. Horien inguruako mito eta tabuak alde batera utzi behar ditugu, gehienak nazka eta beldurrarekin lotuta baitaude, norberaren gorputzaren ezagutza eta auto-zainketa sustatzeko.

Hori guztia dela eta, Iruntzen Lezoko Emakume taldearen ekimenez eta Berdintasun sailaren, Gizarte Zerbitzuen eta osasun zentroaren laguntzaz, hilekoarentzako kopak banatu dira Lezon.

Ekimen honek kopa menstrualen erabilera sustatzea du helburu. Hainbat dira horren arrazoiak. Alde batetik, ohiko tanpoiak eta konpresak baino osasungarriagoak dira. Bestetik, epe luzera begira ekonomikoagoak dira, berrerabili daitezkeelako eta berrerabiltzeko aukera horrek ekologikoago bihurtzen dituelako. Are gehiago, kopak silikonaz eginak daude, eta urte batzuk irauten dute. Erabilera bakarreko tanpoiak eta konpresak ez bezala, ez dituzte osagai berrerabilezin edo birziklaezinak.  Gainera, lehen esan bezala, alternatiba hau erabiliz emakumeen ahalduntzea sustatzen da, eta bultzatu norbere gorputzaren eta bizitza zikloen ezagutza eta erabakiak hartzeko gaitasuna.

Beraz, beharrezkoa da eskoletan ikasleek hilekoaren higienerako aukera horien guztien ezagutza jasotzea, informazioa gutxi batzuen esku bakarrik ez geratzeko.

Amaitzeko, badakigu konpresak eta tanpoiak ez daudela dirurik ez duten pertsona askoren eskura; horregatik, hilekoaren kopa erabiltzea eta hauek doakoak izatea da irtenbide zuzen eta justua.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude