Ainhoara – Xanti Zabalak 7. Korrikari jarriak

Erokeria ederrik munduan bada, hori Korrika da. 22. edizioa Euskal Herriko bazterrak nahasten ariko den garai bertsuan beteko dira hamar udaberri Xanti Zabala Lexo zendu zenetik. Garai ederra bertso hauek Lezoko Portua webgunetik paperera ekartzeko. Datozen hitzak, beraz, Joxe Luix Agirretxe Mitxelenari ebatsi dizkiot.

Ondoko bertso hauek Xanti Zabala Lexok bota zituen 7. Korrikaren herriko aurkezpen ekitaldian. 1991ko martxo hasiera zen, udaberri gose zen negu hondarreko arratsalde hotza. Korrikaren aurkezpen hura egiteko ohorea Imanol Esnaolak eta biok izan genuen; Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian izan zen, eta gogoan dut herritar mordoxka elkartu ginena.

Hartarako pentsatuta zegoen unean, tinko eta indartsu ekin zion Lexok, Espainian behera doinuan, hiru ahapaldi hauek kantatzeari. Nago, jendeari barneraino iritsi zitzaizkiola egoki harilkatu eta trinkotutako bertso horietako hitz eta arrazoiak. Niri behintzat, buruan iltzatuta geratu zitzaizkidan eta, hurrengo egunean-edo, badaezpada, paperera eraman nituen. Paper hura galdua dut aspaldi, bertso haien oroimena, aldiz, bizi-bizi dut, edukiz eta doinuz, gogo-bihotzetan.

Doinua: Espainian behera

Euskal Herria dugu
euskaldunon herri,
hemen ez da izango
ez duenik berri.
Hizkuntza neguan da,
noizko udaberri?
Hargatikan gabiltza
korri eta korri;
indarra eman nahirik
gure hizkuntz horri. (ber.)

Gaixo ikusitzen dut
eta nahiko grabe.
Hainbat etsai badauka
ez da nobedade.
Izan nahi badugu
hizkuntzan berjabe,
saiatu behar dugu
gogor eta trebe.
Euskal Herria zer da
euskararik gabe? (ber.)

Euskara bultzatzeko
sortu zen AEK,
nonbait hasia zela
ikusiz atzeka.
Euskaldun finak bere
alde behar neka,
bihotzean eduki
salbatzeko irrika.
Beraz, gora AEK
ta gora Korrika. (ber.)


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude