Lezoar  Emakumea eta herri borroka

 Agustina Pontesta.

Feminismoaren goraldian gauden honetan, askok uste ez izan arre,  ibilbide luzea izan du gaurdaino, mendeetako ibilbidea alegia. Aldian aldian, eta  poliki-poliki  emakumeak sufritu duen edozein diskriminazioren aurka eramandako borroka izan baita, feminismoaz ezagutzen dugun hau.

Beraz, arestian nioen gisa eta bizpahiru mendeetako borroka ondoren, XX gizaldiaren hasieran, eta ezagunena gertutasunarengatik agian, Lezoko (eta Euskal Herriko oro har)  emakumeen antolakuntza ezagunenak Errepublika garai honetan eta lezoar emakumeen  borrokarik eraginkorrena gertatu zen aldi honetan izango ditugu alde batetik, MARGARITAK  deiturikoak, Partidu Karlistaren aldekoak eta gero frankisten altxamenduari laguntza emango ziotenak eta EAB edo  EMAKUME ABERTZALE BATZA bestetik,  1922an Bilbon sortu eta Hego Euskal Herri guztira zabaldutako «emakumeen» taldea izan zena.

Talde hau EAJ/PNVren babespean sortu, eta gizonek gidaturiko lanaren menpeko egitekotzat hartzen bazuten ere, propaganda eta gizarte arazoetan murgildu ziren: euskal irakaskuntza,  heziketa (ikastola eta haurtzaindegien  sorrera) eta euskal kulturaren bultzatzaile (antzerkia, euskal dantzak). Herriko emakume andanak izena eman zuen bertan. Eta elkartea indartsuen zegoen unean, 1936ko gerraren eraginez, dena bertan behera utzi behar izan zuten. Batzuek, zigorra, espetxealdia nozituz eta atzerrian bukatuz. Hori emakume talde antolatuen artean. 

Horiez gain,  baziren  errepublikaren aldeko emakumeak, arlo sozialean gogor borrokatu ziren emakume ekintzaileak, lan munduko eskubideak aldarrikatuz etab.,  gutxi batzuk izanagatik, beti izan ziren herriko alderdi politiko desberdinetan, hizlari gisa edota beste zenbait arlotan nabarmendu ziren herritarrak.

Eta horrela, pixkana, baina bakoitzak bere esku zegoenetik ekinez,  eskubideak eskuratzen ari ziren heinean, ordura arte lortutako emazteen boto errekonozimendua, berdintasun legea, eta eskubide politiko, zibil eta sozialak eskuratzea alegia, gerra eta ondorengo urteen oasi antzeko lehortea iritsi zitzaien, baina sustraiak ereinda zeuden jada. 

Handik urte batzuetara, 60-70eko hamarkadan abertzaletasunaren berpiztea eman zen, eta horrekin batera kulturgintza eta euskalgintza suspertzeko herri borrokak indartzen zihoazen heinean, emakumeak ere parte hartzen hasi ginen, modu autonomo batean, arazoei erantzuteko beharraren aurrean.

Gogora ekarri behar da frankismoak 1939-1975 arte iraun zuela, eta edozein motatako bilkurak edo jendarteak zapalduak izaten ziren, dena klandestinitatean egin behar izaten zen. Hala ere, arestian aipatutako hamarkada horretan, frankismoaren eta faxismoaren aurkako ekimenetan hainbat eta hainbat emakume ibili zen. Oso hamarkada zailak izan ziren, eta kontu handiz ibili beharrekoak. Aipagarria da zenbat emakumek parte hartu zuen Ikastolen sorreran eta bertan ibilitako andereño, amak (guraso ziren aldetik) edota Ikastolaren alde lan egiten zuten emakume laguntzaileak. Izugarrizko lana egin zuten edo genuen Ikastolaren ingurumarian sortutako jarduera horiek denak aurrera atera ahal izateko, adib. Gau Eskolak, Hitzaldiak, Gurasoen formaziorako ikastaroak, Kantaldiak, etab., antolatzen.

Gaurtik atzera begira jarriz gero, Elizan ere borroka egin behar izan zuten  elizkide ziren  emakume gazteek eta ezkongabeek, Mariaren alabak  deiturikoek. Gazteagooi txorakeria iruditu arren, aipagarria da “zinta morearen” zigorra, hau da, neska gazteak igande edota herriko festetan mutilekin dantza soltean dantza egiten bazuten, zinta morea eramatera derrigortuak ziren, horrela zigortzen zituzten Elizara joateko aldi bakoitzean eta aldarearen aurrez aurrez jarri behar ziren, gainontzekoen lotsagarri. Hori baino umiliagarririk! 

Eta bien bitartean emakume gazteagoen belaunaldia antolatzen hasi zen Mugimendu Feministan elkartuz. Azkenik, 1976an jaio zen Euskal Herriko Mugimendu Feminista izango zena baina ez dut uste Lezon partaidetza handirik izan zuenik, antolamendu bezala.

KAS EMAKUMEAK

1978an Hego Euskal Herrian  (Koordinadora Abertzale Sozialista, Burgosko Prozesuaren testuinguruan sortutako plataforma – 1975) KAS emakumeak deituriko taldea izan zen eta emakumeak pairatzen zuten zapalkuntza hirukoitzari (nazio-klase-genero) aurre egiteko helburuz sortua. 1981ean desegin zen talde hau.

AIZAN! 

Euskal Herriko nazio-askapen mugimenduaren baitan sortua, aurrekoen (KAS emakumeak) oinarri teorikoetatik abiatuta, antolatutako talde berria. 1988an utzi zuen bere jarduera, EGIZAN izeneko prozesu berria sortu asmoz. 

EUSKAL HERRIKO BILGUNE FEMINISTA

EGIZAN desegin eta Euskal Herriarentzako proiektu politiko osoa garatu nahian hainbat emakume feminista eta abertzalek sortutako taldea izan zen, 2000ko hamarkadan sortutako bilgunea. Eurei dagozkien lanen artean «Emakume Abertzale eta Feministen Topaketak» izango lirateke aipagarrien.

Ezker abertzalearen barnean antolatu ohi izan diren taldeen artean bata, emakumeen aldeko mugimenduari dagokiona izan ohi denez, gure herriko zenbait emakumek ere parte hartu hartu izan du bertan.  Feminismoarekiko atxikimendua ez delako aukera bat, gizarte hobea eta demokratikoagoa lortzeko modu bakarra baizik.

Mugimendu horiek guztiak beren garrantzia izan dutelakoan nago, agian ez behar zuten neurrikoa, baina emaitza hor dago. Eta garrantzitsuena, askotan, borroken edukiei desobeditzea baino askoz inportanteagoa da ariketa horretan parte hartzea, desobedientzia politiko hori horrela bakarrik jantziko baitugu ikuspegi feministaz. 

Ez dugu ahaztu behar nondik heldu garen, eta zenbat jendek borroka egin duen arlo guztietan gaurko egoerara iristeko. Segur naiz emakume guztiok gure bizitzan zehar ekarpenen bat egin diogula gaurko gizarteari. Aldaketa ttiki askok iraultza handi bat egiten dutela sinetsiz egin dugu. 

Ekin eta jarrai dezagun gure horretan, Lezon denon beharra duelako.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude