Presoez

Amets Sarasua Zinkunegi

Pertsona ezezagun batzuei begira hazi ginen. Plazetan, tabernetan, txosnetan, karteletan… nonahi ikusi ohi genituen. Azkar ohartu ginen, baina, argazki horiek bazutela gainontzekoekiko berezitasun bat: oroigarri soil izatetik urrun, elkartasun adierazpena dira. Guztiok galdetu izan dugu ume baten inozentzia zintzoenarekin: «ama, aita, nor dira argazkietako pertsona horiek?». 

Laster hasi ginen azalpen eske, gure inguruko gertaera hori ezagutzeko zein haiengatik zer sentitzen eta egiten genuen ulertzeko. Ikusi eta ikasi genuen babestu eta defendatu beharreko militanteak direla; haiek gugatik borrokatu ziren bezala, gu ere haiengatik borroka gaitezen dagokigula. 

Ohartu gabe hasi ginen haiek maitatzen, eta konturatzerako, inozentzia hori jakin-min bilakatu zen: “zergatik daude preso?” galdetzen genien ingurukoei. 

Egun, badakigu ez zirela kasualitatez erori preso. Borrokalariak ziren, haien bizitzak askapen prozesu baten mesedetan jartzeko prest egon ziren, eta horrek jarri zituen etsaiaren jomugan. Jazartu egin zituzten, baina ez haien bizitzak hutsaldu nahi zituztelako, ezpada haien borroka deuseztatu nahi zutelako.

Jakin-mina konpromiso bilakatzen denean iristen da hirugarren galdera: «egoera honetan, zer dagokigu guri egitea?». Erantzun hori da guztietan konplexuena, idatzi gabeko bakarra. 

Guztiok dakigu elkartasuna adierazteko erarik onena, haiek egin bezalaxe, guk ere lanean jarraitzea dela. Haien alde borrokatzea ez da soilik militante horiek etxera bueltan ekartzea, baizik eta ekindako borroka burutzea. Presoak babestea haien borrokarekin konprometitzea da: zapaldu ororen alde lerratzea, langileon defentsa egitea, Euskal Herri aske baten eraikuntzan jardutea. 

Etsaiaren helburua beti izan da sistemak bere horretan jarraitzea. Frogatu diezaiegun, bada, 247 preso horien borrokak bizirik jarraitzen duela, indar hori gugan dagoela, eta oraingo honetan, inoiz baino armatuago gatozela. 


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude