Ofentsiba defendatu 

Unai Tatiegi Olarra

Gazte Asanblada gazteek antolatutako kolektibo mota bat da, eta autoantolakuntzaren bitartez gazte problematikak gainditzen saiatzen da. Zer diren ulertzeko ezinbestekoa da haien sorrerako xedeak aztertzea, 70eko hamarkadaren amaieran. Ukaezina da euskal gazteek paper determinantea jokatzen zutela Euskal Herri aske eta sozialista baten aldeko borrokan. Garai hartako tentsio politikoaren gordintasunak gazte sektore ugari antolatzeko kolektiboen sorrera eskatzen zuen, eta behar horri erantzuteko sortu ziren Gazte Asanbladak makina bat herritan. 

Aipagarria da kolektibo horiek eta gaztetxeek hasieratik izandako lotura. Langile klaseari   bere buruarekiko kontrola lapurtu ziotenez, Gazte Asanbladek okupazioa erabili zuten, eta gaztetxeak eskuratu, haien beharrizan material eta politikoak birjabetzeko tresna. Bestalde, gaztetxeek burgesiaren oinarri-oinarriko jabetza pribatua zalantzan jartzen dute, baita erdigunean jarri ere jabetza kolektiboa eta elkartasuna.

Horregatik, pozgarria da gaztetxeak berriz ere loraldian izatea. Langileen ofentsibari esker, dozena bat gaztetxe eskuratu dira aurten, besteak beste, Hondarribiko Gaztetxea, Larraungo Printza, Ezpala Gaztetxea, Kaxilda Gaztetxea eta Arabar Errioxako Gaztetxea. Horrez gain, Erraki Gune Autogestionatuen Babes Sarea jaio da, langileon autoantolaketa ardatz duen erreminta politikoa. Gaztetxeek eta gune autogestionatuek modu isolatuan topatutako mugak gainditu, eta klase elkartasunez euren burua defendatzeko mekanismoak sortzea du helburu.  

Izan ere, gaztetxeen hedapenaren aurrean burgesiak eta haren indar polizialek mehatxupean dituzte hainbat gaztetxe, harik eta gutxi batzuk kinka larrian jarri arte. Desalojo arrisku horiek tarteko, jaso dezatela elkartasunik beroena Kaxildak eta Laudioko gaztetxeak. 


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude