Deus ez 

Aitor Salaberria Oiartzabal

«Lezo berriro euskaldun» oihukatu zuten orain dela hamarkada pasa orduko euskalgintzako eragileek. 60ko hamarkadak ekarritako erdalduntzeari iskin egin, eta determinazio osoz aldarrikatu zuten Lezon euskaraz biziko ginela. Ahalegin horiek ederki islatu ziren herriko kaleetan, harik eta % 40ko euskararen erabilera langa gainditu arte. Zoritxarrez, hausporik ezean, sugarra apaltzen ari da. Horixe erakutsi berri digu Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketak. Hamarkada batean hamar puntuko jaitsiera euskara erabileran. Hamar. Hamarreko puntuazioa izango luke erdalgintzak Lezon, geldiezin. Tamainako gibelaldiak, alta, alarma gorriak piztea eragin du, eta herri mailako hausnarketa prozesua martxan da. 

Euskal Herriko dinamikak aintzat hartuta, ukaezina da euskarak ez duela haizea alde. Entretenimenduaren eremua dugu adibide, euskaraz kontsumitzeko Netflix baten esperoan erdara baita gure pantailetan nagusi. Erreferente kulturaletan ere, ardatza gero eta argiago Ebrotik behera. Eskerrak Egunean Behin gurera itzultzen garen. Testuinguru ilun horretan, Gezala izan liteke hizkuntza-politika ganoraz egiteko antzeztoki.

Hala ere, azken hamarkadak ez dira alferrik pasa. Euskarazko hezkuntza dugu, nabarmen, euskararen akuilu. Nola edo hala, belaunaldiak bata bestearen atzetik euskararen arrastoan jartzea lortu du, baita Lezon ere. Zoritxarrez, jakitetik aritzerako jauzi horretan amildegian erortzen ari gara behin eta berriz, arazoari errotik nola aurre egin jakin gabe. Aztertu beharko dugu zein diren Lezon gazteak erdalduntzeko eremuak, edo-eta zeinetan euskalduntzen diren. Indartu beharko ditugu Kuadrillategiren moduko egitasmoak, hezkuntza arautuan euskara irakasteko egindako saiakerak finkatzeko eremu informaletan. 

Izan ere, arazoen aurrean uztarripeko idiarena egitea izaten da errazena, beste aldera begiratu eta itsu-itsuan aurrera egitea, hain zuzen. Begi parean dugu, ordea, euskararen egoera eskasa Lezon, nahiz eta haren biziraupena desiragarri izan gehiengoarentzat. Horregatik, ezinbestekoa da horren arabera jokatzea eremu guztietan, bai euskara eskakizunak jartzen Udalak eskainitako diru-laguntza edo kontratuetan, bai bitarteko zein mekanismoak asmatzen eragileek antolatutako ekimenak euskara hutsean izan daitezen. Dena den, ziur gogotsu ekiten diola erronka horri Lezoko euskalgintzako eragileen batzordeak. Azkenaldiko erabilera datu kaskarren harira jaio den arren, Lezon euskarak deus ez duelako arrotz. Ongi etorri euskararen aldeko lubakira! 


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude