Kontraesanetatik Kolektibora

Nahikari Payo.

Garrantzi handikoa da talde bateko kide sentitzea pertsonok garatzeko, ikasteko eta ahalduntzeko, are gehiago, bizitzako pauso edo amildegi handiena horren baitan gertatzen denean. Momentu edo une okerrenetan sentipen horrek emandako babesarekin, errealitatera bueltatu, eta aurre egin behar izan diogu bizitzari, subjektu zapaldu bakan izateak emandako armekin. Errealitatearen aurrean bakarrik sentitzen garenean, kontziente eta babesgabe, orduan somatzen dira faltan ikuspegi hori ikustarazteko begiak: lagunak. Jendartean, kasualitatez zintzotasunarekin topo egiten dugunean sortzen da hutsunea. Mundua ikusteko beste modu bat kolektiboki eraiki dugu, eta eraiki bitartean bizi; baina iritsi da momentua non ikuspuntua soilik baitago eraikita, eta, hala, maiz pasa baita praktikarako jauzia, kolektiborik gabe, autokritikatik autodestrukziora. 

Teoria ongi dago, polita da, guztiok irudikatutako mundua erresistentziarik gabe onartu eta eraikiko bagenu, zoriontsu izango ginateke. Baina, zoritxarrez, edo gutxi batzuen borondatez, gauzak ez dira horrela. Kontraesanak ditugunean, eta bi nahi, bi min, bi desira edo helbururen artean talka dagoenean, zuzen erabakitzea ez da erraza. Hala ere, garrantzitsua da erabaki bakoitza zilegia dela onartzea, bestela, egoera horien aurrean hutsik gelditzen gara, errudun, eta aurrerapauso bat eman baino, atzerapauso bat ematen dugu. Min egiten digu erresistentziarik gabe eta txintik esan gabe amore emateak, nahi indibidualaren ordez borondate kolektiboa lehenesteak. Geurekoi jokatzean, berriz, errua eta erantzukizuna gure gain hartu behar ditugu. 

Erabakiak hartu ditugu estereotipo eta inposizio ugariren aurka. Azpimarratzekoa da, hala ere, emakume eta gizonen arteko arrakala formaz aldatzen doan arren, oraindik ere tartea egon badagoela. Hala ez balitz, ez ginateke artekaz hitz egiten arituko. Bestalde, handia da oraindik erabaki horiek hartzeak eragindako mina, besteak beste, begiradek hala dela gogorarazten digutenean. Egoera inpotente eta bidegabeen aurrean garrasi egin nahi dugu, erraietatik oihu, alboan ardi zuri zintzoen moduan gainontzekoak txintik esan gabe, bidea jarraitu eta gauzak errazagoak zaizkiela ikusten dugunean. Mugitzen ez denak, ez baititu kateak sentitzen.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude