Editoriala 6

Momentu jakin batean, erabat eten zen baserritarren eta kaletarren arteko lotura. Ordura arte harreman estuz osatutako bikotean, nork bere bideari ekin zion. Ez ziren gehiago edango Lezoko esneak, ezta jango ere bertako babarrunak, letxugak edo piperrak. Progreso deitu zioten munduko beste bazterretan ekoiztutakoa hegazkinez ekartzeari, etxe alboko produktuak ordezkatzeko. 

Eragin ditu dagoeneko jokabide horrek ingurumen arazoak, baina gizarte mailakoak ez dira gutxiagorako. Belaunaldi bakarrean xahutu genuen arbasoek nekazaritzaren inguruan bildutako jakintza guztia. Gure amonak eta aitonak baserrietan aditu zirela esnatu ginen mundu horretan bizitzeko ezjakin. Hiritartu ginen kolpetik, eta behinola arrantzale izandako herrian, gerora nekazari eta abeltzain, ez da geratzen halako nortasunik. Ezta bestelakorik ere. 

Hartara, hitz askok zentzua galdu du. Apenas ibiltzen gara gure jatorriaren inguruan aztarrika, eta aieka batzuetan salbu, ez diogu parekoari erreparatzen. Zuhaitzak muskilez josten diren garai hauetan, kimuak nola hostatzen diren ikusteko nahiko lan. Lurra jorratzeko gogorik ez, ohartu gabe gaur iraulitako lurretan soilik ernetuko direla ereindako haziak. 

Zuhaitz indartsua dirudi Zeorri!k, txertatzeko aproposa. Gure arbasoek fruitu uztak hobetzeko erabiltzen zuten teknika, eta berdin egin dezake aldizkariak. Adar indartsuenak hartu, eta haiei erantsi gure intereseko aldaxkak: inauteritako kultura herrikoia, Victor Fernandezen memoria, presoei elkartasuna, parekidetasun aldarriak, agroekologia… Guztiak uztartuta indartsuago joko luke udaberriak, eta ederrago loratuko litzateke etorkizuna. 


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude