Lezoko baserriak, non?

Itsaso Arruti.

Duela pare bat egun Kale Nagusitik nindoala hamar-hamaika urteko haur batzuekin gurutzatu nintzen, eta halaxe esan zion batak besteari:  «aquí huele a caserío, puf que asco». Honakoa etorri zitzaidan gogora orduan: haur horrek jakingo al du zer den baserri bat? Zein diren baserriaren usainak? Jakingo al du non dauden Lezoko baserriak, eta zer egiten duten horiek?

Alarguntza, Juantene, Miura, Olamarta, Torregil… hainbat eta hainbat baserri dago Lezon. Bada, jakina da, gaur egun, lezoar askorentzat inguruko baserriak ezezagunak direla, baita baserritarrek egindako ekarpenak ere. Dena den, batzuek oraindik sinesten dute nekazaritzan eta abeltzaintzan.

Gaur egun, mundu guztia modako elikagai ekologikoen bila dabil, eta ez gara ohartzen gure eskura baserrietan dauzkagula benetako elikagaiak: sasoikoak, ekologikoak, osasuntsuak eta errealak. Jaki ekologikoak nahi ditugu, baina, bitartean, baserritarrek guri eskainitako produktuak ez ditugu sustatzen. Izan ere, gure sisteman produktuak azkar eta merke eskuratzen dira,  eta baserritarrek ezin dute hori eman. Hala, baserritar batek ezin du bere produktua multinazional baten prezio berean saldu. Ondorioz, baserritarren ezaugarriak eta baldintzak kontuan hartu ezean, pixkanaka galdu egingo dira laborariak, eta iraganeko beste hainbat baserrirekin pasa zen antzera, gaurko baserriak desagertzen joango dira. Zergatik ez pixkanaka horren kontziente izaten hasi eta Lezoko baserri eta txokoak ezagutzen hasi? 

Nire iritziz, aurrerapauso bikaina litzateke tokiko merkatua bultzatzen eta bertako produktuak kontsumitzen hastea gaur egungo multinazionalak atzean uzteko. Ez al da ideia ona? Horrela, gure betiko baserritarrei eta etorkizunekoei aukera gehiago eskainiko dizkiegu. Izan ere, baserriak Euskal Herriko sostengu eta ardatz izan dira urte askotan, eta herentzia kulturala mantentzea baino gauza politagorik ez dago.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude