Zaindu maite duzun hori…

Mireia Cuesta

2020 urte zaila izan denik ezin dugu uka, gogorra begiratzen dugun aldetik begiratuta. Hankaz gora jarri da gure bizimodua, normaltzat genituen gauzen erdiak egiterik bagenu sikiera, kontent ginakeela esango nuke urtebete pasa den honetan. Ingurura begiratu eta mugak eta debeku hitzak besterik ez ditut antzematen; besarkadarik ez, kontaktu fisikoa gutxitu, harreman soziala murriztu, hau ez eta beste hori ere ez… Toki eta uneoro, eta benetan zaila egiten da horrela bizirautea.

Denok hartu dugu edonori edozer edozein momentutan esateko pribilegioa, osasuna aitzakia izanik. Osasuna bizitzeko garrantzitsua dela guztiz argi dago, eta ez da eztabaidagarria, baina, eta alde emozionala? Ez al da bizi ahal izateko garrantzitsua? Nork jarri du arreta horretan? Nor arduratu da pertsona bereziki zaurgarriekin alderdi hori lantzen? Pandemia hasi zenetik zahar egoitzetako eta bestelako insituzioetako ehundaka pertsonen behar afektibo zein emozionalak bazterturik eta isilpean geratu dira. Denok ikusi ditugu familiakideen arteko bisita laburrak plastiko edota pantailak tarteko, kontaktu fisikoa beti eskas. Pertsona asko egon da egun luzez logelatik atera ere egin gabe, gau eta egun, eta luzaroan ingurukoen bisita edota harremanik gabe. nahiz eta haientzat egunerokotasunetik ateratzea garrantzitsua izan. 

Gaur egun, zahar egoitzetan edo bestelako instituzioetan horrelako egoerek ez lukete gertatu behar, eta, horregatik, horren guztiaren inguruko lanketa ezinbestekoa da. Norberaren beharrei erantzuna emateak izan beharko luke garrantzitsuena eta beharrezkoena, bereziki haien iritzia kontuan hartuz, eta haien eskaerak errespetatuz eta lehenetsiz.

Beraz, pasa den martxotik aurrera hainbeste entzun eta aladarrikatu dugun «honetatik ikasi eta hobeak izaten aterako gara» hori gauzatzeko ordua iritsi da. Zaintza erdigunera eramateko premia azpimarratu behar dugu, azken finean denon ardura da zaindu gintuzten horiek zaintzea, eta urteetan haiengandik jasotako goxotasuna eta arreta bueltan ematea. Zaintzea, alegia.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude