Editoriala 2

Polita zen Lezoko hizkera, arrunt polita. Herriguneko aieketan aritzen ziren lezoarrak euskaraz, baina baita Gaintxurizketa auzoko, Herriondo bailarako edo Olamarta inguruko aieka haietan ere. Baserritarrak eta kalekumeak, hizkera bera ahotan gutti goitibeheiti. Zeorriren bigarren zenbakiaren aurkezpena egiteko bikote aproposa, dudarik gabe, bi munduak izan baititugu aldizkari honen kier. 

Hala ere, heldulekuez hizketan hasita, goi-nafarrera kutsuko garai bateko hizkera deus gutxi entzun dezakegu kaleko elkarrizketetan. Galera izan da, zoritxarrez, hiztunek orduko aberastasunaren zati handi bat eraman zutelako hilobira. Baina baita garaipena ere, zorionez, euskara oraindik bizi-bizi dugulako Lezon, eta bide eman diolako gaur egunera egokitutako hizkera modernoari. 

Tartean, baina, ataka larrian ere izan dira euskal hiztunak maiz. Bide horren nondik norakoak ezagutzeko, ezinbestekoa da hiztun zaharren testigantzak biltzea, eta horietako batzuk ekarri ditugu Iratitik atal berrian. Lezoko hiru emakumeren testigantzak, euskal hiztunen aurkako oldarraldien lekuko. 

Testigantza horien bilketa, aldiz, ez da soilik baliagarri garai bateko hizkera mitifikatzeko, eta folklorismoan erortzeko. Berebizikoa da ez soilik euskarazko aberastasunaren gordailu izateko, baizik eta baita hiztun horien bizipenen erregistroa sortzeko ere. Horien bidez ari gara idazten historia. Ahozko testigantzei esker dakigu, adibidez, Iparragirren kontzentrazio esparrua izan genuela, eta idatzizko testuen bidez dugu, esaterako, Maria Labaien sagardogilearen berri. 
Izan ere, gutxi batzuek oraindik eusten diote Lezoko hizkerari. Batzuek, gainera, uste dute herriko historia dibulgatzeko bide eraginkorrena bertako hizkeran egitea dela. Bestalde, herri nortasuna eraikitzeko lanabes egokia ere bada. Hizkera horri tokia egiteko egokitu ditugu atalen izenburuak aldizkariaren zenbaki honetan: Kulturbistak, Gertakayak, Gertanayak, Eonai hortan… Lezo, heldu zara gurekin?


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude