Ikasketa automatikoa

Aitzol Saizar Viaña.

Azken urteotan asko entzun da adimen artifizialak gizarteari onurak edo kalteak ekarriko ote dizkion, baina zer da? Adimen artifiziala izaki bizidunen prozesu arrazional eta deduktiboak burutzeko makina baten gaitasuna da. Sarritan, ordea, gizakiaren pentsaera gailu informatikoen bidez lortzea izaten du helburu zientzia honek. 

Haren adarretako bat ikasketa automatikoa da, eta esperientziatik ikasteko gai dira garatutako konputagailu programak. Ikasteak, berriz, esperientzia jakintza bihurtzen du. Ikasketa algoritmoaren sarrera edo inputa entrenamendu datuak dira, esperientzia ordezkatzen dutenak, eta irteera edo outputa jakintza edo trebezia litzateke, ataza jakin bat burutzeko gai den konputagailu-programa gisa adierazia. 

Demagun ikasketa automatikoa adibide batera eramaten dugula. Haren bidez garatutako programak gure itxura fisikoaren balorazioa egingo du. Ikasketarako gure inguruko guztia erabiliko da: sare sozialak, familia, lagunak, komunikabideak… Eta ikastea inguruko horretatik esperientzia irabaztea izango da gure itxura fisikoaren balorazioa egiteko.

Hogeita bost urteko gazte batek zalantzak ditu itxura fisikoaren inguruan. Ez daki onartua izango den, edota gizarteak onar dezan zein itxura izan behar duen. Zalantza horren aurrean, gure programari galdetu dio, eta argi eta garbi erantzun dio: «gizarteak ezarritako kanonen barruan sartzeko ahalegina egin behar duzu, onartua izan nahi baduzu». Eta hori zergatik? Ikasketa automatikoa ez al da gizakiaren pentsaera gailu bidez lortzeko zientzia? Horregatik, bada, programaren erantzuna.

Algoritmoak ikasteko entrenamendu datuak behar ditu, eta zenbat eta datu gehiago jaso, ikasketa prozesua zehatzagoa da. Baina, jasotzen diren datu motak ere badu garrantzia. Mota bateko datu gehiago jasotzen baditugu, sistemak mota horretako erantzuna emateko joera izango du. Gizartean berdina gertatzen da. Ingurutik mezu guztiak mota berdinekoak jasotzen baditugu, nola esango dugu itxura fisiko egokia izatea beste zerbait dela?

Lasai, ikasketa automatikoan, gizartean bezala, badago salbuespena. Horiei muturreko balio deritze. Definizioz elementu hori beste datuetatik oso desberdina da. Bizitzan ere badaude ertzetako pertsonak, gizarteak ezarritako kanonei aurre egiten dietenak. Bada, noizbait, agian, muturreko kasu horiek handitzen badoaz, ez dira hain muturreko balio izango. Horrela, noizbait, hasieran egindako galderari bestelako erantzun bat emango dio sistemak.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude