Ze guap@ zauden

Brais Sanchez Casar.

Estereotipoen gainean idazteko esan didate. Pentsatzen jarrita, askotariko adarrak izan arren, argaltasun-loditasun dikotomia datorkit burura. Seguru aski inguruko pertsonengatik gertatzen zait, norbere burua ukitzen duten gaiek eragiten digutelako hausnarketa, akaso. Estereotipoek guztioi eragiten diguten arren, muturreko arazoak dituzten pertsonak izan ditut inspirazio iturri. Eta, era berean, pertsona horiek pairatzen duten errealitateaz tentuz hitz egiteko esan diot nire buruari; nire larruetan pairatu ez izanak, gaiaz aritzeko pertsona aproposena ez naizelako pentsamendua ekarri didalako. Baina, proposamena egin didate, eta ausartzea erabaki dut. 

Lan mundura jauzi egin nuenetik, batez ere, hainbat esparrutan jardun dut nerabeekin: eskola kirolean, eskola partikularretan, gizarte hezitzaile moduan… Horrek, beraz, modu sakon batean haiekin konektatzeko eta ezagutzeko aukera eman dit. Nerabeek adierazten dute argaltasunaren auzia gordinen, baina ondoren pairatzen jarraitzen dugu, arazoarekin bizirauten ikasten dugu. Disimuluan, harekin aurrera normaltasunez egiten agian. Urteetan zehar, batez ere emakumeek pairatu izan dute elikadura-nahasmendu gehien, baina azken urteetan, gizonezkoak ere nahasmenduen eraginak geroz eta gehiago pairatzen ari direla antzeman dut. 

Zergatiari buruz pentsatzen jarrita, komunikabideen zein sare sozialen eraginaz kontziente izanagatik ere, gimnasioaren baitako elkarrizketak eta dinamikak etorri zaizkit burura: elikaduraren gaineko kontrola (elikagaiak pisatzea, hauts bidezko proteinak kontsumitzea ondorioak ezagutu gabe, elikagaiez ez disfrutatzea…), fisikoarekiko exijentzia, gehiegizko sakrifizioa (makinen soinuarekin gimnasio itxian pasatzen duten ordu kopurua kontuan hartuta, adibidez) eta abar. Kezkatzen nau garai batean aukera bat zena (gimnasiora joatea) gaur egun eredu bilakatzeak. Nerabeen eredu. Sufrimendua itxura fisiko jakin baten truke, baina zer ematen dizu zuri itxura fisikoak?

Galdera hori egin diot nik ere nire buruari, eta norman bete-betean sartzen den gizona izanik, galdera hori egiteko nor ote naizen pentsatu dut. Galdera hori egin ostean, gizonok barrura begiratzeko dugun joera urriaz ohartu naiz. Eta begiratuz gero ere, zaurgarritasun hori azaleratzeko ditugun oztopoetan pentsatu dut, jartzen dugun maskara indartsu horretan. Nik ere horixe bera egin baitut testu hau idazten aritu naizen bitartean. Aitortu behar dut beldurra sentitu dudala, gainontzekook idatzitik zer interpretatuko duzuen ez dagoelako nire esku.  Izan ere, modu sakonago edo arinago batean estereotipoek guztioi eragiten digute,  eta bat-batean nire gain sentitu dut horixe bera ere. 


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude