Ezer baino lehen, eskerrak eman nahi dizkiot Agustina Pontesta Garmendiari, Lezoko ikastolaren sustraiak liburua erditzeagatik. Finean, aipatu liburutik hartutako informazio apurra besterik ez duzue hemen. Hitzak ostu dizkiot, XX. mende hasierako Lezoko eskolaren berri izan dezazuen.
Gehiengoa analfabetoa zen, eta arazoa konpontzeko mutikoak eskolatzen zituzten lehendabizi, geroxeago neskak, eta, azkenik, helduak. Mende hasierako eskola Moyano Legean oinarrituta zegoen (1857). Estatu espainolak abian jarritako legea erabat zentralista zen, eta elizaren esku zegoen. Agintarien edo boteredunen araberako eskola izanik, herri xehearen gogoen eta nahien aurkako eskola zen, zalantzarik gabe.
Baina industrializazioari esker, hezkuntzaren beharraz ohartuta, herritar guztientzako eskola aldarrikatzen hasi ziren. Halere, lezoar jauntxoek aukera gehiago zuten ikasteko, eta gainerako herritar soilek lan egin behar zuten bitartean, jauntxoek irakasle partikularrak kontratatzen zituzten euren semeentzat. Ez alabentzat, ordea, neskak etxe zokora baztertuak izaten baitziren.
Lezori dagokionez, hemengo eskola akten lehendabiziko aipamena 1817koa da, Udal Liburutegiko artxibo-agirietan agertzen denez; beraz, eskola aipatzerakoan oso aspaldira jo behar dugu. Hasieran mutilen eskola izanagatik, urte gutxiren buruan nesken gela ireki zuten, eta nesken eskolatzeaz maisua arduratu bazen ere, berehala jarri zituzten maistrak neskentzat. Mutilen asistentzia baino txikiagoa izan arren, emakumea ere eskolatzen hasi zen, eta, horregatik, ez da batere harritzekoa gure birraitona-amonek irakurtzen eta idazten jakitea.
Hasieran oso gutxi joaten ziren eskolara, noski, baina poliki-poliki matrikulak handitzen zihoazen heinean, eskolaren premiaz jabeturik, horretaz arduratzeko herritarren taldea osatu zuten maisu, alkate, apaiza, guraso, mediku, eta abarrek. Hezkuntza Batzordea zen herriko eskolaren funtzionamenduaren arduraduna. Liburutegiko dokumentuetan datorrenez, hasieran neska eta mutilak elkarrekin omen zeuden (kopuru txikia zelako edo) eta irakasle bera arduratzen zen nesken eta mutilen irakaskuntzaz. Denbora gutxiren buruan, ordea, banatu egin ziren, eta horrela jarraitu zuten urte luzez, neskak alde batetik eta mutilak bestetik.
Akta-liburuaren arabera, 1880an neskek haien eskola-gela eta maistra propioa izan zuten, Maria Zapiain Arrillaga (maistra zarra), hain zuzen ere. Baina, antza denez, leku deserosoan kokatua zegoen eskola hura. Egoera kaskar horri irtenbidea eman nahian, Udaletxeko beheko aretora lekualdatu zuten nesken eskola. Hantxe jarraitu zuen urte luzez.
Garai berean helduen eskolatzeaz ere arduratzen hasi ziren, poliki-poliki herri osoa eskolatzeko nahian. Badirudi 1868an jada abian zela eskola hori, Antonio Berasategui maisuak soldata igoera eskatzen duen akta bat baitago. Halere, badirudi Helduen Eskola ez zela Inspekzioak nahi adina gorpuztu.
Beraz, haurrak lehenik eta helduak geroxeago, guztiak eskolatzen ari ziren herrian. Hezkuntza Legeak, ordea, eskola bakarra egin nahi zuen estatu osorako, haien interesen araberakoa, gaztelera hutsekoa, eta hori lortzeko edozerk balio zuen. Irakasleak izendatzeko tenorean, adibidez, oposizio sistemaz baliatzen ziren, eta irakasle gazteleradunek gainditzen zituztenez oposizioak, haiek aritzen ziren Hego Euskal Herrian ere.
Beraz, orduko ikasleak euskaldun elebakarrak izan arren, erdalduna zen irakaslea, eta azken horrek euskara baldin bazekien ere, erdaltzale sutsua izango zen ziurrenik. Elkar ulertu ezintasunaren ondorioz, hezkuntza harremana erabat makurra zen. Harreman txar horren adibidea da Antonio Berasategui Inchausti maisuaren jarrera eta herriarekin izan zuen harreman gaiztoa: haren etxea tirokatzera era iritsi ziren, eta, azkenean, Huelvako Ayamontera alde egin behar izan zuen.
Eskolan agintean irakaslea zegoenez, gazteleraz zuzendu behar zitzaion ikaslea, horretarako askotan zigortua izango bazen ere. Herriko adineko gehienek aipatzen dituzte zigorrak: eraztuna, listaia, eta beste golpe fisiko batzuk. Baina gurasoak ere ez ziren denak ados izaten irakaslearen jarrerarekin, eta beren desadostasunak plazaratzen zituzten herriko Hezkuntza Batzordearen aurrean.
Zigorra, beldurra eta ezintasunarekin batera, gaztelera nagusitzen ari zen, eta euskararen galerarekin batera, ikasle euskaldunengan eskola porrota eta ikasketetarako ezintasuna areagotzen ari ziren. Ama hizkuntza baztertu, eta gazteleraren bidetik jotzera bultzarazten ari ziren ikasleak. Euskararen galeraren erantzule, beraz, irakasleak. Ikusi besterik ez dago mende hasierako irakasleen zerrenda; gehienak erdaldunak, eta euskal deiturakoek ere idazki guztiak erdaraz idazten zituzten. Hori argi eta garbi ikusten da Lezoko Udal Liburutegiko eskola aktetan eta idatzietan, denak gaztelera hutsez agertzen baitira.
Ondorioz, helburua garbia zen: generoen araberako eskolatze-eredua, batetik, eta, gaztelania baliatuz, erdal kulturan alfabetatzea, bestetik. Eskolan euskararen erabilera zigortzearekin batera, emakumea etxe zokora mugatzea ere bazen bigarren mailako helburu. Horrela, denbora berean, euskara desagerrarazi zuten, kasik euskal nortasuna galtzeraino.
Utzi erantzuna