Kirolaren erabileraren arriskuak eta onurak hezkuntza ez formalean

Sara Dorronsoro Alegria.

Egun, herritar oro da kirolean aditua. Kirola hezkuntzarako, kirola aisialdirako, kirola entretenitzeko, kirola sasoian mantentzeko, kirola famatu bilakatzeko, kirola munduko kirolari onena bilakatzeko… Aise hitz egin ohi dugu kirola egiteaz, nola egin eta berau gomendatzeaz, sarri, kontzeptu, esanahi eta bestelakoak nahasiz. Kirola praktikatzearen onurak eta arriskuak ezagutzen ditugula uste dugu, baina ez dugu kontuan hartzen orokorki erabiltzen dugula kontzeptua, akzio motorra inplikatzen duen jarduera oro deskribatzeko.

Kirola, definizioz, instituzionalizatutako jarduera da, zeinak lehia baitu osagai eta inplikatzen baititu egoera motorrak. Gainerakoei, jarduera fisikoa, ariketa fisikoa, eta abar deritzo. Aipatutako hiru elementu horiek izatea ezinbestekoa da «kirola» hitza erabiltzeko. Garrantzitsua iritzi dut aldez aurretik hau argitzea, ondoren aipatuko dena baldintzatzen baitu.

Hezkuntza ez formalean, ikaskuntza planifikatua eragiten duten ekintza, bitarteko eta erakundeetatik sortua den, baina zuzenean hezkuntza-sistema arautuaren (hezkuntza formala) berezko titulazioak lortzera bideratua ez dagoen prozesu horretan, gaitasunak eskuratzen dira. Hezkuntzaz ari garenean, nire buruak zuzenean haur eta gaztetxoengana jotzen du, beharbada nire aurreiritziak dira, baliteke bizi garen gizartean jasotzen dugun ikaskuntzaren ikuspuntua izatea. Dena dela, hezkuntza, formala nahiz ez formala, bizitzako etapa guztietan jaso dezakegu, eta bigarren hau lehenengoaren osagarri izan daiteke edonoiz. Hala, gaitasun motorrak ez ezik konpetentzia motorra eskuratzeko bidean, kirola bestelako jarduera fisikoekin batera erreminta bilakatzen da. Haurtzaroaz geroztik, kirolaren inguruko hezkuntza ez-formala kirol federatuaren inguruan gorpuztu izan da, eta herri-, lurralde- eta nazio-elkarteetan gauzatu.

Nerabe eta helduen gizartekotze-prozesuan bere lekua du tresna honek, eta ongizate fisiko, psikiko zein soziala eskuratzen lagun dezake. Horrez gain, honakoak ere lan daitezke: errespetua, erantzukizuna, autonomia, norberaren nahiz gainontzekoen onarpena, autoestimua, arauen onarpena, kooperazioa, lankidetza edota talde sentimendua eta norbera nahiz egoerak gainditzeko gaitasuna.

Era berean, gaitasun motorrak diren erresistentzia, indarra, abiadura, malgutasuna, koordinazioa eta zalutasuna hobetzen lagun dezake. Eguneroko jardunaren ihesbide ere bilaka daiteke, ikasketek edota lanak eragiten digun estresa edota presioa gainditzeko era bat.

Alabaina, kirola baztertzailea ere izan daiteke, onenek soilik lortzen dute arrakasta, sexu eta gaitasunen araberako bereizketa dakar, lehiak, espezializazioaren presioak edota taldean ez egokitzeak, besteak beste, *burnout sindromea eragin dezake. Kirolaren ezaugarriak jarraitu eta beronen baldintzak betetzen ez dituena jokoz kanpo geratzen da, gainerako jarduera fisikoetan plazerra aurkitu eta bizitza aktiboa izateko ohitura osasuntsuak eskura ditzan zailduz. 

Bestalde, EKO gaiak sartzen dira jokoan. Inpaktu EKOnomikoak eta EKOlogikoak nabarmenak dira. Arlo guztietan bezala, muturrera eramandako egoerak ez dira jasangarriak izaten. Kirol ekitaldi, diziplina eta talde handiek mugitzen duten dirua eta gutxiengo batzuk izaten dituzten irabaziak lotsagarriak dira sarri, are gehiago gaur egun bizi dugun egoeran. Lurralde eta nazio arteko txapelketak negozio hutsa izaten dira, norbanako eta taldeak epe laburrerako bidaia luzeak egitera bultzatzen dituzte, hegemonikoa dena bultzatzen dute eta kirola alineatzailea ere izan daitekeenez, zaletuok bertatik kontsumitzen jarraitzen dugu. 

Zalantzan jarri ezin diren onuren izenean, etengabeko gurpil biziotsuan erortzen gara. Nahigabe beharbada, sistema eta gizartearen ispilu dena erreproduzitzen dugu kirolaren bitartez, indibidualismoa, gizarte bereizketa (genero, arraza, klase sozial, etab.). Arreta handia jarri beharko genuke horretan, norbanakoen identitatea eraikitzen den adinean batez ere. Pertsona bezala, kirolak berak dituen eraginak kontuan izanda erabakiak hartu behar ditugu. Masa-kiroletan, gutxitutako kiroletan edota kirolaren aspektu negatiboak eraldatzetik sortutako jarduera fisiko eta kirol-alternatiboetan parte hartzeko eta hezteko hautua egin behar dugu. Beste zenbait arloetan bezala, kontziente izatean dago gakoa. Adina kontuan izan gabe, jarduera fisiko- eta kirol-formakuntza orok norbanakoan plazerra eta ongizate orokorra sorraraztea da garrantzitsuena.

Hortaz, kontzientziazioa aipatu dudanez tokian tokiko herri- eta hezkuntza-proiektu nahiz ekimenen sorrerak gai honen inguruko sasi informazioa argitzearen alde egingo luketela iritzi dut. Hezkuntza formaletik hasita, ikastetxeetan dagoen Gorputz Hezkuntza ikasgaiari zein hitzaren esanahiari duen garrantzia eman beharko litzaioke, eta hala baloratu, soinketa, kirolak edota gimnasia bezalako hitzak albo batera utziz.

*Bournout sindromea: neke emozionala, despertsonalizazioa eta errealizazio pertsonal baxua, kirol errendimenduaren jaitsiera eta kirol-uzte goiztiarra ekar ditzakeena.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude