Jolasa oso gauza serioa da!

Iratxe Lopetegi Suarez.

Jolasa putzuetan salto egitea da. Jolasa irakurtzea da. Jjolasa dorreak eraikitzea eta botatzea da. Jolasa leihotik begira egotea da. Jolasa sabelean kilimak egitea da. Baina, batez ere, jolasa oso gauza serioa da. Eta ez dakit zergatik, baina susmoa dut, jolasari eskaintzen zaion denbora galdutzat ematen dugun denbora dela, sarritan. 

Presaz jositako gizarte batean bizi gara, eta, zoritxarrez, denok, haur zein heldu, oso okupatuta bizi gara jolasten aritzeko. Produktibitatea da helburu gizarte honetan, eta helburua produktu bat sortzea ez duen beste edozein jarduera, denbora galtzetzat ematen da. Jolasa multzo horretan sartzen da.

    Gaur egungo ikerketa askok jolasaren garrantzia defendatzen duten arren, haurren jolasteko denbora minimizatzen duen bizi estiloa eraiki dugu. Dena den, garbi dago haurrek jolastea behar dutela.

    Jolasa ez da plazera soilik, jolasa ezinbestekoa da haurren ikasketa prozesuan. Piagetek esan zuen moduan: umeek ez dute ikasten dutelako jolasten, baina jolasten dutelako ikasten dute. Zer esan nahi du horrek? Haurrak ez du jolastea, ikastea eta bizitzea bereizten, dena gauza bera da harentzat, esplorazioaren bidez jasotzen baitu inguruko munduaren berri.

    Jolasa ekintza askea izateaz gain, oharkabean ezagutza jasotzeko tresna ezinhobea da. Haurra dorreak eraikitzen ari den bitartean, kontzeptu matematikoak bereganatzen ari da. Margotzen ari den bitartean, kolore primarioen teoria ikasten ari da. Liburuko irudiak aztertzen dituen bitartean, hizkiak identifikatzen ari da. Kontzeptu horiek guztiak jolasten ari den bitartean ikasten ditu. 

    Egia da, jolasa aldatzen joango da haurrak bizi duen etaparen arabera, baina mota bateko jolasa edo bestekoa, garapen osoan lagunduko dion ariketa mentala izango da. Horrek, haurrak inkonszienteki ikastea ahalbidetuko du, eta jolasten jarraituko du, guk, helduok, ez badiogu horretarako denbora ukatzen. 

    Beraz, esan bezala, haurtzaroko ekintzarik garrantzitsuena jolasa dela uste dut, eta naturalena jolasten ikastea da. Beraz, ez deiezaiegun jolaserako unerik ukatu umeei. Saia gaitezen edozein ekintza jolas bilakatzen, eta ahal bada, guk ere jolas horretan parte hartzen. Horrela, denok izango gara garaile. Haurrek jolasten gozatuko dute, eta helduok barruan preso dugun umea aske utziko dugu, une batez bada ere.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude