Elkartasuna funtsezkoa da

Maider Etxebeste Ormazabal.

Familia eta ikastetxea dira haurraren sozializazio eragile nagusiak, eta haien heziketaren arduradunak. Bi eragile horiek eskutik joan behar dute haurraren garapen pertsonal eta akademiko aberatsa lortzeko. Horregatik aipatzen dugu, behin eta berriz, familiak eta eskolek elkarlanean aritu behar dugula geure seme-alaben heziketa partekatuz. 

Familiek konfiantza sentitu behar dute euren seme-alabentzat aukeratu duten ikastetxearekin. Horretarako, ezinbestekoa da irakasleok haurra familiatik datorren bezala onartzea, epairik gabe jasotzea, haren izaera, egoera eta albo eraginekin. 

Askotan pentsatzen dugu haurra eskolara eramatearekin nahikoa dela sozializatzeko eta bizitzarako beharrezko konpetentzia eta baloreak eskuratzeko. Baina, badakigu haurraren lehen sistema familia dela, eta bertan transmititzen diren baloreak, sinesmenak eta funtzionamenduak erabakiorrak dira haren heziketan. Eskolak familiaren kolaborazio, inplikazio eta konfiantza behar ditu, elkarlanean aritzeko eta ikaslearengan eragin positiboa izateko.

Aldi berean, irakasleok garbi izan behar dugu zein den, haurrari dagokionez, eskolak jokatzen duen rola eta ardura, eta zein familiarena. Bakoitza dagokion lekutik ari bada,  bestearen lana errespetatuz eta dagokion funtzioa betez,  ikaslearen ikaskuntza prozesua aberatsagoa izango da. 

Familiei laguntza eta haurren kalitatezko heziketarako aholkuak ematea da irakasleon funtzioetako bat. Familiek euren kezkak azaleratzea eta irakasleekin partekatzeak ikaslea hobeto ulertzera eramango gaitu, eta, horrela, enpatiaren bidez, errazagoa izango zaigu ikasleari bere beharretan laguntzea. Elkarrekin aritzeak gure seme-alaben heziketa aberatsagoa egiten du. Familiek bide horretan kontuan hartzen dituztela sentitzen dutenean konfiantzazko klima sortzen da, erabateko eragina izango duena ikaslearen bizitzan.

Bide horretan, bien arteko konfiantzazko harremana sortzeko gakoetako bat proiektu komunetan murgiltzea da. Familiak eskolako testuingurua eta egoerak ezagutzera eramango ditu, eta, aldi berean, eskolari proiektu berrien sorkuntzan lagunduko dio. Apustua familiek eta ikastetxeko kideek osaturiko bilguneak sortzea da, elkarlanean arituz, hausnartuz, hezkuntza elkarrekin aberastuz, eta, azken finean, seme-alaben bizitza proiektua partekatuz.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude