Editoriala (9)

Hiru lasterketa bizkor. Oinetakoetako lokarriekin trabatu, eta lurrera erori zara. Argi zegoen hala gertatuko zela. Aurpegia belztua duzu zeharo, urradurak nonahi, zangoetan adina besoetan. Lurra heze dago, eta eskuetan lur mutzo txiki bat gogotik estutu duzu. Amorrua izango da. Arnasestua lasaitu, eta gibelera begiratzeko tartea hartu duzu azkenean. Korrika eman dituzu azken minutuak. Korrika, zoroen pare. Oztopoak bazter guztietan topatu arren, haiei iskin egitea lortu duzu, orain makurtu, orain jauzi, orain eskuin, orain ezker. Sigi-saga egin duzu azken kilometroa, narrasean azken metroak, eta hondarrean lurrera erori zara. 

Ihes betean, ez zara jabetu zoriak salbatu zaituela amildegian behera erortzetik. Itsu-itsuan zindoazen aitzinera, itsu-itsuan labarraren ertzera. Mamuak besterik ez zenituen atzetik duela gutxi. Ezereza baizik ez duzu aurrean orain. Ulertzen ez duzun arren, mugara jotzen duzu, zernahi ikusezinak erakarrita bezala. Ikara eragile eta tentazio, aldi berean. Hutsa eta dena. Hurbiltzean, amilotxaren doinu finek oroitarazi dizute, hegalari izan arren, txoriak ere eror daitezkeela. Soinu banda apartekoa, jausten ari denaren hotsa. 

Hotsik atera gabe ari dira amiltzen, ordea, ugari. Gu, berriz, entzungor, uztarripeko idiarena egiten. Hizketaldietan ez zaio maiz gaiari heltzen, hitzez beste egitea errazagoa baita errealitateari aurre egitea baino. Ezinegonek, autoestimu arazoek, beldurrek, eta etxeko egoera latzek setiatzen dute jendea, are gehiago haurrak eta nerabeak. Hutsa parean eta hutsaren pare. Baina, aurrez aurre heldu behar zaio gaiari, eta josi sarea, inor eror ez dadin. Horretan dihardute eskolek, baita beste makina bat zereginetan ere: gizarte integrazioan, hezkidetzan, ingurumenarekiko sentsibilizazioan, euskararen transmisioan… Hala ere, amilotxaren doinuak entzuteko tentazioa handiegia ez izateko, hezkuntzatik ez beste eremuetatik ere ekin beharko zaie horiei guztiei.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude