D-tik mundura

Irati Aranburu Salaberria.

Herri Eskolan hirugarren promoziokoa. Gu baino bi urte zaharragoak ziren lagunek ekin zioten, guraso  eta irakasle konprometituei esker, Lezon euskara hutsean eskolatzeari. Gu, Juani andereñoarekin. A zer nolako kuadrila jatorra! Gehienak euskaldunak; gutxi batzuk etxean gaztelania besterik ez zutenak; baten bat haur eskolan euskaldundutakoa. Bai, agian ahaztua dugu, baina «bazen behin» edo «aspaldi-aspaldian» esan  beharko genuke. Tiñelu atze horretan sortu zen orduko Haurtzaindegia, egun Polentzarrenen dagoen Haurtxo Haur Eskola bera. Sortu zuten, orduko hartan, konprometitutako zenbait emakumek, jarraitu beste zenbaitek; hainbat izen datozkit gogora, denok ezagutzen ditugunak. Euskara hutsean aritzen ziren hauek ere. Pentsa, eskolan baina lehenago. Badira urteak. Zenbat haur euskaldundu ote ditu haur eskolak ordutik? Inork inoiz zenbatu ote  ditu? Inork inoiz pentsatu al du sortzaileek egin zuten ahaleginean? Ondorengoek jarraitutako ibilbidean? Inork inoiz aitortu al die murgiltze ereduari egin dioten ekarpena? Haurrak euskalduntzen egindako lana? Sartu al dituzte euskalgintzako eragileen maparen batean? Jaso al dute jaietan Udalaren aldetik oroigarririk sekula? 

Hala hasi ginen, bada, D ereduan ikasten. Bereizita geunden, babestuta, gure burbuilan. Hipolito Gezala kaleko eskolan hasi eta Zarrantzetik Pildainera pasa ondoren, azken geltokia Altamiran izan genuen; han gainontzeko taldeak deskubritu genituen, D eredukoak ez zirenak. Eta gogoan dut, ez zela batere erraza izan guretzat; mundu berri bat ezagutzen hasi ginen, arrotza, erabat. Zenbat malko, hango kantxako hesiari heldu eta herrira begira jartzen ginenean! Orduan hasi ginen kontzienteki hizkuntz ereduen sistema ulertzen, diferentziez ohartzen, gure gaitasunez eta haienaz, gure hautuez eta haienez. 

Institutura salto egin genuen gero. Puf! Beste mundu berri bat, inguruko herrietako ikasleekin batera irekitzen zitzaiguna. Banatzen gintuen bakarra hizkuntz eredua zen, norberak hautatutakoa. Baina bat-batean, sorpresa! Hirugarren urtean B eredukoekin nahasi gintuzten, hautatutako ikas-ibilbidearen baitan. Oraingoan hizkuntz eredua zen batzen gintuena, Euskara.

Egun, kalean, batzuekin elkar topo egitean, haien seme-alabekin duten harremanei erreparatuta, egin duten ahaleginaz, hautuaz ohartzen naiz, euskaraz egiten baitiete, euskara jatorrean, gure artean ikasitako hizkuntzan. Hainbat izen datozkit gogora, denok ezagutzen ditugunak. Haientzat nire Trapujaleren oroigarri imaginarioa, aitortza eta esker ona.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude