Ba al dago besterik?

Xabi Pikabea Lertxundi.

Imagina al dezakezu programa, gradu, klase, azterketa, nota, konparazio eta lehiakortasunik gabeko heziketarik? Bai zera! Hori desastrea! Haur horiek, gero, nola moldatuko edo egokituko dira hezkuntza sisteman eta egungo gizarte ereduan? Ez dira prest egongo. Jakitunek erabaki zuten aspaldi egungo heziketa ofizialean bete beharreko curriculuma, burua ezagupenez gainezkatu arren.

Ba, bai. Ahal da. Hor dago Heziketa ez zuzentzailea, haurren askotariko garapen prozesuak kontutan hartzen dituena. Pedagogia biologiarekin uztartzen du, gizaki bezala bere osotasunean garatzeko aukera ematen duten giro eta leku egokiak eskainiz. Sormena, norberaren erabaki-iniziatibak, ardura pertsonala eta pentsamendu kritikoaren garapena errazten ditu, betiere norberarekin eta inguruarekin errespetuz jokatuz.

Haurren benetako beharrak asetzeko leku egokiak eskaintzean, haurra bera da hau edo bestea egin etengabean erabakitzen doana, barrutik kanpora eta ez kanpotik barrura haziz.

Eskulanak, sukaldea, aroztegia, baratza, laborategia, josketa liburuak, irakurketa-idazketa, kalkuloaz jolasteko hainbat material konkretu, leku batetik bestera aske mugitzeko aukeraz, naturarekiko harreman estua… 

Aukera aberats horrek ematen die haurrei haien garapena haien neurrian egiteko bermea, uneoro zer egin eta zer ez erabakiz. 

Hau kaosa! Bakoitza nahi duena egiten! Jasanezina!

Kanpotik kaotikoa dirudien arren, antolaketa eta elkarbizitza arauak argi daudenean, bada orden natural bat, non besteak kontuan hartuz neurea erabaki dezakedan.

Egungo krisi klimatiko eta ekonomikora bideratu gaituen eredu hegemonikoaren aurrean, bila ditzagun bide berriak.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude