Lezoko hezkuntza, eskolaz haratago?

Aitzol Saizar Viaña.

Hezkuntza Motak

Hiztegiaren arabera, hezkuntza bi norabidetako gizarte-prozesua da, eta ezagutzak, baloreak, ohiturak, pertsonen sozializazioa eta jokatzeko moduak transmititzen ditu. Hainbat agentek hartzen du parte, eta hiru mota bereizten dira: hezkuntza formala, ez-formala eta informala.

Baina, zer da bakoitza? Definizioz, hezkuntza formala hezkuntza edo prestakuntza zentro batek eskaini ohi duen ikaskuntza da, egituratua (helburu didaktikoen, iraupenaren edo euskarriaren arabera) eta ziurtagiri batekin amaitzen da. Hezkuntza ez formala, ordea, ez du hezkuntza edo prestakuntza zentro batek eskaintzen, eta normalean ez du ziurtagiririk ematen. Hala ere, egituratua da. Azkenik, hezkuntza informala, lanarekin, familiarekin edo aisiarekin zerikusia duten eguneroko bizitzako jardueretan lortzen den ikaskuntza da. Ez dago egituratuta eta normalean ez du ziurtagiririk ematen. Ikaskuntza informala nahitakoa izan daiteke, baina, gehienetan, ustekabekoa edo ausazkoa da.

Hezkuntza ez formala

Hezkuntza ez-formala derrigorrezko eskolatzearen esparrutik kanpoko testuinguruetan gertatzen da. Helduen prestakuntza ikastaroak, aisia edo kirol jardueren irakaskuntza dira adibide. 

Ekintza hori ez dago erabat instituzionalizatuta, baina bai nolabait antolatuta. Aukerako hezkuntza-jarduerak dira, osagarriak, malguak eta askotarikoak, gutxitan nahitaezkoak. Eskolak antolatzen ditu, edo gazte elkarte edo mugimenduek, kultur edo kirol elkarteek, etab. Hala, guztiz instituzionalizatuta ez egon arren, nolabait antolatuta dago, ikaskuntza-mailaren bat lortzera bideratutako prozesu bat baitakar, baina ez titulu akademiko bat.

Hezkuntza ez formala Lezon

Gaia Lezora ekarrita, hainbat elkarte edo talde aritzen dira Lezoko Hezkuntza ez formalean. Gainera, izaera desberdina izanagatik, guztiek dute helburu Lezoko Hezkuntzan eragitea. 

Eskola Kirola

Adibideetako bat Eskola Kirola proiektua da, haurrek, askotariko kirolak ezagutzeko, probatzeko eta lehiatzeko aukera eskaintzen du. Lezoko bi ikastetxeek hartzen dute parte, eta haurrak kirolaren bitartez heztea eta balioak transmititzea dute helburu. Lide Lujambioren arabera (Pasaia-Lezo Lizeoko eskola kiroleko koordinatzailea) «Oarsoaldeako ikastetxe guztietan eskola kirolaren norabidea berdina da, izan ere, eskualdeko eskola kiroleko lan mahaiak indar handia dauka. Erabaki gehienak batera hartzen ditugu, elkarri laguntzen eta ulertzen saiatzen gara. Horrek guztiak egiten du Oarsoaldeako eskola kiroleko eskaintza han zabala eta osoa izatea».

Eskola Kirolaren helburuetako bat euskara da. Saio guztiak euskaraz egiten dira, euskarari tokia eta garrantzia emateko, «datuek diote, ikastetxeetatik kanpo, ikasleek egiten dituzten eskolaz kanpoko ekintza gehienetan gaztelania dela nagusi, baita kiroletan ere. Saiatzen gara umeek ikus dezaten euskaraz ere kirola egin daitekeela» dio Lidek.

Lezoren kasuan, aipatzekoa da kirol taldeek, kirol eskoletan (futbolean, eskubaloia, pelotan, dantzan… ) euskarari ere tokia eta garrantzia ematea. «Finean, ume berdinekin egiten dugu lan, eta garrantzitsua da haientzat eskolako eremu barnean eta kanpoan ere, kirolean antzeko balioak transmititzea eta hizkuntzari duen garrantzia ematea» gaineratu du Lidek.

Txirbilla

Lezoko hezkuntza ez formalean eragina duen beste talde bat Txirbilla Aisialdi taldea da. Hala dio haien webguneak, «eskaintza eskasak arduratuta, eta herriko aisialdia trinkotzeko gogoz, hausnarketa prozesuari ekin genion hainbat gaztek urte hasieran. Hilabeteetako lanak izan du fruitua, eta hemendik aurrera proposamen interesgarriak egingo ditugu». 

Udara honetan Hitz eta Jolas egitasmoa egin zuten ekaina eta uztaila bitartean, eta Lezoko hainbat haurrek hartu zuten parte bertan. Aurten, ordea, Firin–Faran egitasmoa antolatu dute, haur eta familientzat antolatutako tailer eta jolasak.

Taldearen helburu nagusiak euskarazko aisialdi informala areagotzea, belaunaldi arteko harremanak sustatzea, feminismotik hezkidetza eskuratzeko lanketa egitea, eta Lezoko eta Euskal Herriko txoko eta naturuneak ezagutaraztea dira. Garazi Muñoz Txirbillako kidearen arabera, taldearen indargunea elkar ezagutza da: «haur gehienak eta baita guraso gehienak ere ezagutzen ditugu eta haiek gu ezagutzen gaituzte».

KTG

Kuadrillategi lagunarte edo kuadrilletan euskararen erabilera sustatzeko helburua duen aisialdi programa da. Horretarako, gazteen hizkuntza ohituretan eragin nahi da. Hala dio Maddi Etxebeste Lezoko Kuadrillategiko koordinatzaileak: «Hezkuntza ez-arautuko jarduera da. Gazteei segidan datorren helburu/balore zerrenda honetako gaien inguruan pilulatxoak eskaintzen saiatzen gara: Gazteen parte hartzea kontutan hartuz egitasmoa aurrera ateratzea, hezkidetza eta sexu berdintasuna lantzea, errespetua eta elkarbizitza sustatzea, gazteen arteko elkarrekintza sustatzea eta inguruarekiko errespetua bultzatzea».

Maddiren ustez, Kuadrillategiren indarguneetako bat euskara ikastetxeko testuinguru formaletik ateratzen duela da: «kasu honetan, zenbait gazterentzako euskaraz izango diren bizipen ez-formal bakarretakoak izango dira saioak, atseginak eta gustukoak izango direnak ziur aski. Kasuren batean, eskolatik euskararekiko harreman ez oso ona dakartenentzat, euskaraz ere ondo pasa daitekeela ikusarazteko balio dezake».


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude