Heriori ebatsitako poemak, Joxe Luix Agirretxe Mitxelena.

Lezon sortu zen 1969an, eta Euskal Filologian lizentziatu Deustuko Unibertsitatean. Oroitzene AEK euskaltegiaren sortzaileetakoa izan zen, bertako Orratx! kultur elkartearen eta Orratx! aldizkariaren sortzaile, baita Oarso Telebistarena ere. Oarsoaldeko Hitzaren sorreran parte hartu zuen, era berean.

2021eko urtarrilean Maiatz argitaletxeak argitara ateratako Heriori ebatsitako poemak du haren lehen olerki liburua, Lander Zurutuza liburuzainaren marrazkiez osatua. Euskara ardatz duen zenbaki honek ezin haren poema faltarik eduki bere baitan, izan ere, Urtzi Urkizuk dioen gisan «zoragarria da olerkariak euskarari muzin egiten dioten “sasi-abertzaleei” egiten dien kritika». Gozatu lagin honetaz, eta irakurri liburua, heriori deiadar eginda, bizitza aldarrikatuko du eta.

EUSKALDUN TXARRAREN BALADA
Euskaldun txarra,euskaldun putakumea;
burugabe
errukarria.
Hire herriaz beste egin
duan, dunan   
simaur-pila malapartatua!
Hurko euskaldunarekin erdaretan
mintzo haizena,
zuri alaena!
Faltsu eta saldua!
Hire herriaz beste egin
duan, dunan
simaur-pila malapartatua!
Besteri egozten diok eta dion
hire mihian eta barne-muinean
den errua.
Hire herriaz beste egin
duan, dunan
simaur-pila malapartatua!
Hiri inork ez din, ez dik 
eragozten euskaldunarekin
euskaraz solastatzen, hire
harrokeria ustelak
ez bada.
Hire herriaz beste egin
duan, dunan
simaur-pila malapartatua!
Erosokerian eta eroskerian
bizi haiz nire begietara.
Mespretxatzen haut, hik
“heure” hizkuntza baino
areago!
Hire herriaz beste egin
duan, dunan
simaur-pila malapartatua!
Uko egin dion, diok
hire odolari, hire izateari
eta ez haizenean bizi haiz,
hilda bizi haiz.
Ez haiz inor!
Hire herriaz beste egin
duan, dunan
simaur-pila malapartatua!
ALGARETAN ERDARETAN
Kezkarik gabe,mintza zaitezte
erdaretan,
euskal herrietako
euskaradun
bihotz eta burugabeak,
hiltzera doan
herriaren ohoretan!
Mintza zaitezte
algaretan,
hizkera arrotzetan,
izan gaitezen
arrotz geure habietan,
arranoak beretzat
hartutako tokietan,
odola sendi dezagun
arte gure lokietan,
lehertu beharrean
buruko hodietan,
deserria herrian
ereiten dugun
bitartean,
galduko gara
izan nahi eta
ezinaren hutsartean,
nor garen
ere ez dugu
jakinen artean.

Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude