Euskararen Lezoko Erak

Joxe Luix Agirretxe Mitxelena.

Gure herrian oso nabarmena den hizkuntza ordezkapen prozesuaren ondorioz, berezko euskaratik gaztelaniarako bidea egiten ari gara azken 30 urtean. «Jostatzen ai gea»tik «Estamos jugando»ra «Gaude jolasten»etik pasatuz; hona ibilbidetxoa.

Gaurko begiez ikusita gezurra badirudi ere, bada gure herrian bertako hizkera historikotzat hartu ohi den euskararen aldaera bat, noiztik ez dakigula, gure herriko euskaldunek nagusiki erabili izan dutena. Hari erreparatuko diogu aurrena.

XIX. mendearen bigarren erditik hasi eta XX. mendearen amaiera bitartean, hainbat euskalarik eta ikertzailek aztertu zuten gure herriko hizketa moldea. Herriko apaizaren edo erregidorearen bitartez, hiztun berriemaile egoki izan zitezkeenak aukeratu eta, haiekin harremanetan jarri ondotik, elizako kantu edota otoitzak  –Aita gurea, Kredoa eta horrelakoak– euskaraz nola esaten zituzten galdetzen zien, esaterako, Luis Luziano Bonaparte printzeak, idatzizko mezuen joan-etorri amaiezinean. Kasu askotan, gehienetan ez esatearren, berriemaileek ez zekiten idazten eta apaizak edo bestek idatzi eta helarazten zizkioten printzeari. Hark, bere azterketak egin ahala, esaldi solteak eta esamoldeak itzultzeko eskatzen zien bueltan. Horrelaxe osatu zuen Bonaparte printzeak Londresen argitaratu zuen euskalkien mapa ezaguna, 1863an. Bonapartek Lezoko euskara Goi-nafarrera izeneko euskalkiaren barnean sailkatu zuen;  Iparraldeko Goi-nafarrera azpi-euskalkiaren Irungo aldaeran, zehatzago esateko. Aldaera berean sartu zituen Oiartzungo, Hondarribiko, Irungo, Goizuetako eta Aranoko hizkerak ere. 

Geroztik, Pedro de Yrizarrek ere Bonaparteren oso antzeko sailkapena egin zuen. Alde ttiki batekin, gure kasurako. Bonapartek Errenteriako hizkera Gipuzkeratzat jotzen zuen eta Yrizarrek, aldiz, nafartzat, Lezokoarekin batera. Koldo Mitxelena hizkuntzalari errenteriarra, oso tematuta ibili zen kontu horrekin; Errenteriakoa eta Lezokoa hizkera bera zirela defendatuz eta azalduz, eta kontra egiten zion besterik zioen edonori. Oso ezagunak eta aski politak dira Koldo Mitxelenak «Zubigar»ek, egin zuen Lezoko hiztegi ttikiari eginiko oharrak eta honen anaia Tomas Garbizurekin, hizkerak zirela eta, izaten zituen eztabaidak. Lezoko elizetan «Xinisten dut» eta Errenteriakoetan «Sinisten det» kantatzen zutela esaten zen garai hartan. Ez dut aitatu gabe utzi nahi Tomas Garbizuk bere herriko hizkeraz zuen kontzientzia handia, eta, ahal zuen guztietan, harrotasunez nabarmentzen zuela. 

Azkenik, Koldo Zuazo dialektologo eibartarrak, 1997ko Euskalkiak gaur lanean euskalkien mapa berri edo eguneratua plazaratu zuen. Sailkapen berrian, Zuazok, Lezoko hizkera Erdialdeko euskalkian kokatu zuen.

Aurreko maisu handiekin alderatzeko inolako asmorik gabe, Imanol Esnaolak eta biok, Lezoko Udalaren beka bati esker, herriko hizkera aztertzeko aukera izan genuen 1998-2000. urteen artean. Berriemaileak hautatu, grabaketak egin genizkien, eta bildutakoan oinarrituz egin genuen azterketa lana. Liburuan bertan azaldu genuen moduan, jakitun ginen jaso genuen hizkera hura, euskaraz jaio, bizi eta hilko zen azken belaunaldiaren hizkera zela, eta hizkera haren transmisioa eten berria zela. Horregatik, egun, ez dugu hizkera hura darabilen 55 urtez azpiko herritar asko aurkituko, ale bakan batzuk besterik ez, eta gaizki ari direlakoan, bestela egiten saiatzen direnak gainera. XX. mendean gertaturiko aldaketa handiek ekarri zuten transmisioaren eten hori; industrializazioak, migratzaile espainiarren uholdeak –gaztelania–, eta paradoxa badirudi ere, euskararen estandarizazioak eta euskarazko irakaskuntzaren orokortzeak. Euskarazko kultur erreferentzia indartsuenak Gipuzkoako Beterri-Tolosaldean izateak ere hango hizkeren eragina hedatu du euskalki guztietara, baina, batik bat, haien hurbilenekoetara.

Hala, egun, herriko euskaldun gehienek darabilten euskara, gaztelaniak, beterriko gipuzkerak eta euskara batuak eragindako nahasketa bat dela esan liteke; tamalez, gaztelaniak geroz eta eragin handiagoa duela, gainera. Euskararen erabileraren gainbeherak –kalean 10etik 2 aritzen gara euskaraz– dakarkio, hala ere, kalterik handiena euskarari; haren transmisioa eta, beraz, biziraupena kinkan izaterainokoa.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude