Editoriala (8)

Instanteen konkatenazio ulertzen dute argazkilariek bizitza. Kosta egiten zaie mugimenduari erreparatzea, eta une berezi eta bakarren ehizan igarotzen dute denbora. Berdin aritzen gara gutariko asko. Hala arituko zinen zu ere. Gaur arte.

Ahanzturaren bazka izan da, baina udako lehen sargoriekin batera heldu zen lehen lasaitasun zipriztina. Azala bero izaki, labaindu ahala sentitu zenuen haren arrastoa azalean, eta di-da itzuli zen atzera lurruntzera. Aspaldi ikusi gabeko lagunak ziren, itsasbazterrean, olagarroak harriei nola, bizipen ederrenei tiraka. Igurtzi egin zintuen hurrengoak, are busti. Tantaka esan zenien buruhausteei agur. Ez zizuten loa galaraziko une hartatik aurrera. Oinetatik igaro zen olatuak freskatu zintuen, eta harekin batera eraman egin beharreko lanak. Batek daki nora, urrutira behintzat. Euskal Herriko txokorik ederrenek bigarren uholdea ekarri zuten, eta belaunetaraino estali zintuen. Hondarrean, iltzatuta zeunden, behingoagatik gustora. Zure burutazioetan ez zen hura baino toki hoberik. Festak eta lo kuluxkak, mendiak eta ibaiak, txangoak eta lagunak. Gauez zein egunez.

Instante bat. Berezia eta iheskorra. Korrontearen ekarria maiztasunez igo, eta zoriontasun hordigarriak erabat blaitzen zaitu, zeharo inguratu arte. Halako batean ohartzen zara erabat murgildu zarela. Urak erabat inguratu zaitu. Ez dituzu kanpoko hotsak entzuten. Barrukoak soilik. Bat-bi. Bat-bi. Bat, bi. Bat. Bi. Bat. Bi. Itsasoan zaude, edo hala dirudi. Ez zaizu axola. Urak besarkatzen zaitu, isiltasunean babestu. Ezker eskuin, goi eta behe. Bakardadeak irensten zaituen instante hori. Bakez puztu eta husten zaren momentu hori. Biba!

Luze gabe ohartzen zara ez dela betiko. Munduan bakarrik sentitzea hauskorra dela. Itoko zara, baldin eta ez baduzu garaiz arnasten. Udako usainek laztantzen zaituzte, espartinez jantzita irteteko moduko ilunabarrek, ezagunek eta ezezagunek, lagun zaharrek eta berriek. Baina burua azalera atera behar duzu, eta, ustekabean, harmonia lehertzen da. Arnasa hartu duzu, eta harekin batera heldu dira bestelakoak ere. Inguruko ahotsek zartatzen dute zure lasaitasuna. Jolasean dituzte seme-alabak, gertutik zaintzen dituzten artean. «¿Oye, la chavala no tiene intención de hablar euskera?» dio zurrumurru batek. «Tranquilo, mientras saque todas las asignaturas…» erantzun, ozenago, gertukoak. Konturatzerako, olatua dator, eta heldu da bigarren zaplastekoa. Ikaskidea korrika. Ez du lortu haren gogoko ikasketak euskaraz egiteko tokia, EAEn Baxoako notak ez dituztelako behar bezala aintzat hartzen. Uhina ez dator bakarrik, lankideari lan baldintzak ia esklabutzaraino kaskartu dizkiote, eta aparra dariola dabil langileen artean antolatu nahian. Ardurak, betebeharrak eta lanak. Paradisutik irtetean jipoia. Kolpetik. Jipoia, eta astunegia iskin egiteko. Tamalez, betiko arazoak. Iskanbila. Eta bai, harrapatu zaitu. Bete-betean harrapatu ere.

Saihetsezina da. Ezin da instante bat betiko luzatu. Argazkilari onenek ere ez. Bizipozen gordailu izendatu dugu udara, garai zoragarri, kasik utopiko. Tristea da, momentu hauskor horren osteak gordinki adierazten digulako deus gutxi aldatu dela urpean garuna hutsetik abiarazi genuenetik. Bizitzako erronkek hortxe jarraitzen dute, eta ezin dira borrokak gibelatu. Haietan murgiltzea da benetako pagotsa, eta euskararen larrialdia tarteko, hizkuntzaren bueltako testuz ondu dugu zenbakia. Urpeko lasaitasunak indarberrituta, berriz ekin diezaiogun borrokari.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude