Sexu-Transmisiozko gaixotasunak. Ola – Ola

Zer gertatuko litzateke sexuak beste alde bat duela erakutsita? Gozatzeaz gain, buruarekin eta kontu handiarekin ibili behar dela esanez gero? Askotan, ez dugu aintzat hartzen, baina tentuz ibili ezean, hainbat gauza gerta liteke, eta horiek ez zaizkigu hain positibo edo politak irudituko. Besteak beste, espero eta nahi ez dugun haurdunaldia, sekula entzun gabeko gaixotasun baten izena… Gaixotasun dezente transmititu daiteke sexu-harremanen bitartez. Horietatik guztietatik ohikoenak azaltzera gatozkizue, baita horien inguruko xehetasunak ere. 

  • GONORREA: 

Gaitza kontaktu zuzenaren bitartez transmititzen da, sexu-harremanen bidez. Sintomak oso ezberdinak izaten dira sexuaren arabera, eta tratatu ezean, ugalketa eta gernu aparatuez gain, beste organo batzuk ere kaltetu daitezke. *sintomak: emakumezkoetan askotan ez da sintomarik agertzen, gizonezkoetan, aldiz, jario zornetsua azaldu daiteke zakilaren puntan, baita disuria ere (erremina txiza egiterakoan). 

  • KLAMIDIA:

Harreman sexualen bitartez transmititzen da, eta traktu urogenitalari eransten zaio. Hau da guztietan ohikoena, eta jende gehienari eransten zaiona. Bakterio horrek serotipo asko du, horietako batzuek trakoma izeneko gaitza sortu, eta itsutasuna eragin dezakete.

  • SIFILIA:

Gaixotasun infekziosoa da. Sexu harremanen bidez kutsatzen da. Herrialde garatuetan intzidentzia txikia dauka. Hiru fase ditu: 1. Ultzera moduko zauri txiki bat agertzen da. 2. Bi hilabeteren ostean, gorputz adarretan eta enborrean lesio gorriak, sukarra, pisuaren galera, gongoil handituak… ager daitezke. 3. Fase hau gaixotasuna tratatu ezean eman izan da, eta azalean edo hezurretan eragiten du.

  • HIESa:

Ez da sexu harremanen bidez soilik kutsatzen, odol-transmisio bidez, amatik umera edo orratz hipodermikoen bitartez ere kutsa daiteke. Hasierako infekzioaren ondorioz, ez da zertan sintomarik sumatu behar, baina infekzioak aurrera egin ahala, immunitate sistemari erasotzen dio. Horrek beste gaixotasun batzuk izateko arriskua areagotzen du. 

  • GIZA PAPILOMA:

Papilomak tumore onberak dira, eta gorputzeko hainbat ataletan agertzen dira (esku, oin, laringe, genital…). Hala ere, birus hauetako batzuek lotura estua dute hainbat minbizi motekin. Emakumezkoetan sarriago agertzen da gizonezkoetan baino. Kasu ia gehienetan, birusaren infekzioa asintomatikoa da sexu-organoetan, eta berez desagertzen da denboraren poderioz. Kasu gutxi batzuetan, aldiz, minbizia eragin dezake. Aipatzekoa da 2008tik txertaketa planetan sartuta dagoela eskola garaian emakumezkoek txertoa jaso dezaten.

  • GENITALETAKO HERPESA:

Kutsatutako pertsonek ez dute zertan zauririk edo sintomarik eduki behar. Kutsatuek betiko izango dute birusa haien gorputzean, eta lehen urtean agerraldiak errepikatzea ohikoa izan daiteke. Denborarekin sintomak leunagoak dira.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude