Orratxen Ibilbidea

Mertxe Larrea Garmendia.

1998. urtean hasi ginen antzerkiarekin. Hasieran bost «inuxente» elkartu ginen, eta paperak banatu, ikasi eta entseguak egiten hasi ginen, baina ez genuen inondik inora ere argirik ikusten. Izan ere, bost «jakintsu» ginen, denok genuen zer esana: batek, «zuk hori horrela egin beharko zenuke» esanez; beste batek, ezetz, horrela ezetz, honela egin beharko lukeela eta abar. Oilategi baten antza zeukan.

Halako batean, Lierni Orratxera gonbidatzea lortu genuen, haren antzerkiko istorioak eta urte sabatikoa hartu zuela jakin ondoren. Garai hartan entseguak Haurtzaindegian egiten genituen, eta hantxe azaldu zen agindu bezala. Ikusi gintuenean jarri zuen aurpegiari argazki bat atera baliote, orain beldurrezko pelikulen Donostiako aretoetan egongo zen, baina profesionala izaki, eta ez nolanahikoa, berehala eman zion buelta, eta lanean jarri gintuen. Ordura arte «Oilotegian» hainbeste eztabaidatutako lana pikutara, hori bai, beti ONDO egiten genuen, eta orain ere bai, jakina, izan ere Lierniren esaldi kuttunena hauxe baita: ONDO EGIN DUZU, BAINA… 

Beti du bere BAINA hori. Horri esker, lehenengo lana txukun-txukun antzezteko gauza izan ginen, hau da, Dario Foren Ordaindu, bai zera. 

Antzezlan hori bi edo hiru herritan antzeztu genuen, eta nahiko arrakasta izan zuenez, beste bat prestatu genuen. Garai hartan aldaketa batzuk izan genituen, batzuk alde egin zuten, eta beste batzuk etorri ziren. Gure taldean kasting gogorra egiten dugu sartu ahal izateko, eta proba hori gainditzen duenari, hurrengo urtean papera ematen diogu. Ez dakizula zer egin behar den? Musika teknikaria izan urte batez. Ikusten duzuenez, behetik hasi ohi gara, baina ez pentsa erraza denik. Adibidez, lehen urtean Olatz Salaberria ibili zen, eta gainditu bazuen ere, «karrera» egiteko aukera ez zuen aprobetxatu, eta, ondorioz, ez da aberastu, gu bezala. Sabine Larreak, berriz, ez zuen probarik egin behar izan, ikusi bezain pronto Liernik onartu egin zuen, beharko! Obra horretantxe izan zuen Amaia Legorburuk proba egiteko aukera, eta ondo gainditu zuen. Urte horretan Dario Foren beste obra bat antzeztu genuen berriz ere: Bozinak, tronpetak eta zalaparta. Lan horrekin herri gehiagotan ibili ginen, esate baterako: Billabonan, Oiartzunen, Beran, Pasaian eta abar.

Gero, hor ibili ginen beste lanen bat aukeratu ezinik, eta azkenean Alfonso Zurroren hiru obra ttipirekin hasi  ginen: Lunario, Bilis eta Tonpa eta Hegan egin zuen gizona. Dario Fo bazterrean utziz. Amaiak musika teknikariaren proba 10 batekin gainditu zuenez, bi paper, oso desberdinak, egin zituen, bata Kosmetxorena, gaztetxo birjina eta bestean Ama Birjinarena, biak primeran eginez. Urte hartan Emili Etxebeste fitxatu genuen, kastingik egin gabe; teknikari lanetan aritzeko berriz, Begoña Azpiazu.

Taldea ezaguna egiten ari zenez, gero eta toki gehiagotatik deitzen gintuzten. 2001ean, adibidez, zenbait plaza berri ezagutu genituen: Aramaio, Hernani, Urnieta…

Hurrengo emanaldia atzeratuta etorri zen Pintore apartak eta eskerrak lapurrari; gu martxan jarriak ginen, antzerkia aukeratu eta paperak ere banatuak bagenituen. Eta bat-batean, horretan ari ginela, gutako batek hanka puskatu ez zuen ba! Han gelditu ginen zer egin ez genekiela. Hala ere, gogoratu ginen antzerki mundu honetan Patxi Larrea eskarmentu handiko gizona zela, eta agian gurekin aritzea gustukoa izango zuela, eta, zorionez, baiezkoa eman zigun. Ordezkoa topatu bagenuen ere, estreinaldi osoa atzeratu behar izan genuen. Gainera, urte horretan, ospakizun asko izango genituen herrian, batetik Lezo sortu zela 800. Urteurrena (2003) eta, bestetik, hainbeste espero genuen areto berriaren estreinaldia. Izan ere, mota guztietako tokietan eduki ditugu emanaldiak, batik bat frontoietan. Zuek ez duzue sekula ikusi pilota partidurik antzoki batean? Ba antzerkia frontoietan hamaika aldiz. 

Gure beste «alma materra», beste laguntza teknikoa ezinbestekoa duguna, ezin ahaztu: mila esker Txema Riverari. 

Ondoren etorri ziren hurrenez hurren, Komediante tunante (Alesio) 2004an Edurne Agirrezabala sartu zen urtean; Zozoak beleari ipurbeltz 2005ean; Zerraldo bidaiariak 2007an; Trapujale 2008an (herritar aktoreen partaidetzarekin, Gurutze Etxabe eta Eñaut Gantxegi, besteak beste); Zuhaitzak zutik hiltzen dira 2009an; 10. Urteurrena Leire Agirre hasi zitzaigun beste batzuen artean 2010ean; Gatazka 2011n; Hemen da kabareta 2012an, zoritxarreko urtea, gure Gurru zendu baitzen, haren ordez antzezlan hau beste batzuetan egin ahal izateko Iñigo hasi zitzaigun; Kale gorrian 2013an eta taularatutako azkena Hariak 2014an, Garazi, Maite eta Josebaren parte hartzearekin (Garaziren paperean Ihintzak sartu behar izan zuen, hark ezustean talde utzi behar izan baitzuen); Kale-hop estreinatu genuen 2015ean, garai bateko komedianteen modura ibili ginen; guk sortutakoen artean, 2016an Valium bada…, 2017an Ez hango eta ez hemengo (etorkinen inguruko antzezlana zenez, 3 etorkin batera antzeztea lortu genuen). 2018a oso urte garrantzitsua izan zen, 20 urte bete baikenituen, Gau festa egin genuen. Hau, urte bakoitzeko antzerki lanaren puska batekin osatu genuen, eskolako patioa dotore ddemonio jarri genuen, eta han agertu ginen Orratx txikikoak! Denok batera sekulako taldea osatuz. 2019an Federico Garcia Lorcaren Bernarda Albaren 5 alabak, guk ikuspegi berri bat eman nahi izan genion. Bertsio propio bat, funtsa errespetatuz. Lorcaren mintzaira eta hitzak euskarara ekartzea Garazi Ugalderen trebeziari esker lortu genuen. Obra honek lan handia eman zigun, baina konfinamendua iritsi zen, eta ezin izan genuen emanaldirik eman 2020an. Ez genuen ezer egiterik ahal izan; Antroan-intro obraren lehen estreinaldia 2021eko ekainaren 19an izan zen. Hau ere, guk sortutako istorio bat da, ezer gutxi egiten uzten ez diguten gaur egungo egoera honetan,  guk bilatu dugu non burua askatu, sortu eta azaldu dezakegun. 

Gazteen Orratx!

Ezin dugu ahaztu gaztetxoak eta gazteak badaudela Orratxen. Aurten hogei bat lagun dira guztira, ezin esan antzerkirako harrobirik ez dagoenik gure herrian.

Aurten pandemia zela eta, bi talde egin behar izan ditugu, arazo txiki batzuk sortu zitzaizkigun, baina berehala konpondu ahal izan genituen, gauzak horrela, aurtengo ikastaroa ere oso txukun ari da joaten. Dirudienez, oraingoz aurrera jarraitzeko asmo eta gogoa ditugu bai guk eta baita gazteek ere. Beraz, datorren ikasturterako ere pronto gaude. Adi egon matrikula irekitzen denerako. Aurtengo ikastaroa bukatzen ari da, eta lan oso polita taularatuko dute ekainaren 11n eta 12an.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude