Ager Arrieta Martikorena.
Kale margoketek alda al dezakete herri baten itxura? Nik baietz esango nuke, eta hobera gainera. Ezagunak izan dira Lezoko muralak eskualdean, autobiaren aurkakoa herri sarreran edo Jaizkibelgo militarren presentziaren aurkakoa herri irteeran. Egun, tamalez, desagertuta daude. Baina beste batzuk etorri dira gurera, eskolan Judas Arrietarekin batera ikasleek landutakoak edo M8koa, kasu. Kale margoketak, askotan, gizartearen ezinegonen isla dira; horrexegatik batzuentzat hain desoroso. Ahalik eta traba gehien jartzen dituzte mural margoketak egin ez daitezen edo biziraun ez dezaten. Kuriosoa da nola asaldatzen dituzten kale margoketek, eta ez margoketa horietan azaltzen diren salaketek edo mezuek. Norberak jakingo du horren zergatia.
Arte-adierazpen garrantzitsua dira, gure fatxada grisei kolorea ematen dieten artelanak, gure historia kontatzen duten artelanak. Herri eta hiri askok haien kaleak arte galeria bihurtu dituzte; hor dugu Gasteizko Erdi Aroko hirigunea eta Errekaleor auzo okupatua, Euskal Herrian aintzindari bilakatzen ari direnak. Estatuan ere badira apustu hori egin duten lekuak: Estepona eta Zamora, besteak beste.
Ezagutzeko parada izan dudan leku guztietatik mundu mailan erreferentzia bihurtutako batek guztiz maiteminduta utzi ninduen: Sardiniako Orgosolo herrixkak. Margoketa batek besteari jarraitzen dio, tokiko gai soziopolitikoen, haien eguneroko bizitzaren, eta munduko historiaren errepasoa egiteko baliagarri direnak.
Maiatza gertu dugun honetan, nola ahaztu Frantziako 68ko maiatzeko gertakariak! Garrantzitsuak izan ziren haien ideiak lau haizetara zabaltzeko. Historiarako gelditu diren esaldiak utzi zizkiguten gainera: «Gelditu dadila mundua! Jaitsi egin nahi dut» edo «Errealistak izan gaitezen, ezinezkoa eska dezagun».
Euskal Herrian ere baditugu kale margoketekin anekdota bitxiak, «Gora ETA» idazten ari zen gaztearena, esaterako: «Gora ETA behera gabiltza» idazten bukatu baitzuen ertzainek harrapatu ostean. Ez baita gauza bera isuna jasotzea edo Audientzia Nazionalean bukatzea…
Orgosolora itzulita, margoketak egiteko ohitura Italiak haien lurretan ezarri nahi zituen instalazio militarren salaketarekin hasi zen. Jaizkibelen ere badugu horren esperientzia, eta, agian, izan daiteke abiapuntua gure kaleak koloreztatzeko, orgosolotarren moduan, Lezo erdigunean jarrita berriro ere.
Utzi erantzuna