Diruaren inbasioa

Mara Urkizu Arocena.

Ingurumen zientzialariok baso naturalen balioa, eta horien kontserbazioa kontuan hartzen, eta errespetatzen ikasten dugu. Espezie inbaditzaileei aurre egiteko teknikak ikasten ditugu, inbasioak saihesteko programak sortzen, eta horiek kontrolatzeko arauak diseinatzen. Baina, eukaliptoa Eucalyptus globulus) aipatzen denean, eztabaida sortzen da.

«Epezie inbaditzaileak gizakiak ekosistema arrotz batera eramaten dituen, eta bertako protagonista bilakatzen diren espezieak dira, beste edozein espezieren hazkuntza galarazten dutelarik». Eta, noski, espezie bat inbaditzaile izendatzen denean, haren landaketak debekatu egiten dira, eta daudenak asko murriztu, leku jakin batera mugatzeko neurri oso zehatzak ezartzearekin batera. Lehen aldiz entzun nuenean, laster etorri zitzaidan burura: ez al du ba eukaliptoak deskribapen horrekin bat egiten? Australiakoa da izatez, Euskal Herriko eremu zabaletan dago, eta haren inguruan ez da beste espezierik hazten.

Galizian ere eztabaida handiko espeziea izan da. Bertako zientzialariek inbaditzaile izendatu nahi zuten, eta haren landaketak debekatzeko argudio pisutsuak eman zituzten. Baina gobernuak ez zuen eskaera onartu. Zergatik? Diruagatik. 

Zer da garrantzitsuagoa, ingurumena kontserbatzea ala dirua? Erabakiarekin garbi utzi zuten zein zen haien helburua, dirua lortzea. Hori baita eukaliptoak ematen duen bakarra. Landaketak berak, ekosistema modura, lurzorua lehortzea, eta landare eta animalia espezie aniztasunaren galera ekartzen ditu soilik. Bizitzarik gabeko zuhaitz landaketa bat lortzeko bai, eukaliptoa aukeratuko nuke. 

Basoek, baina, aniztasuna behar dute behar bezala lan egiteko. Gaur egungo gobernu sistemak, ordea, ez dio inongo garrantzirik ematen horri, nahiago baitu ekoizpen handiko landaketa bat, naturaltasuna baino. Hori bai, gero miloika iniziatiba hartz arrea babesteko. Salbu al daude ba euskal basoak? Zenbat eukalipto ikusten dira, adibidez, Bizkaian? Zenbat haritz eta pago? Lurzoruaren ehuneko handi bat estaltzen dute jada, eta Gipuzkoara iristen hasia da. Argi dago egur industriak izugarrizko diru kantitateak lortzen dituela. Baina ez al dugu gurea defendatu eta kontserbatu nahi guztiz galdu aurretik? Enpresek behintzat, ez.

Beraz, badirudi ingurugirolariek betetzen dugun rolak ezertarako balio ez duela, eta berdin duela gure usteak eta gure formazioak, gero boteredunek diruaren usaina jarraituko dutelako. Hala sentitzen gara gu behintzat. Eskatzen digutena egin behar baitugu, ordaintzen duenak esaten duena, lerrotik atera gabe.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude