Artea eta artistak – Ainhoara

Orratx! zuen izena Lezoko kultur elkarte batek. Izen bereko aldizkari bat argitaratu zuen 1996tik 2003ra bitartean. Guztira, hirurogeita lau zenbaki eta lau ale berezi. Euskara bultzatzeko sortutako elkarte horrek, gainera, argazkilaritza eta antzerkigintza ere landu izan ditu.

Behinola, 2003an, Lexok lehen bertsoan aitortzen duenez, bertso batzuk eskatu zizkioten Orratx!-etik herriko artea eta artistak aipa zitzan. Bost bertso hauek dira Lexok emandako erantzuna.

1 – Orratxetik dei egin didate,
nigan sortuz nahiko kezka.
Arteari buruz bertso lantxo bat 
egin ahal dudan galdezka.
Arlo honetan ezjakina naiz,
baina zerbait nahi dut presta.
Irudimena dantzan jarriaz,
zertan burua ez freska?
2 – Zehatz-mehatzik ez dakit artez,
zerbait bai artelariaz,
herri hontako konposatzaile,
musiko, margolariaz…
Lezoko Korpus Prozesioa
famatua da egiaz.
Koadroegile handia, berriz,
Salaberriar Elias.
3 – Artea arte izango bada
artistak egina dizu.
Konposatzaile on ugaria,
organoan guztiz maisu.
Mezak, poema sinfonikoak,
koru, kantu… Zer ez, aizu?
Arte kontuan goi mailakoa
ez al da Tomas Garbizu?
4 – Besteak beste, hau ere jaio
dena Lezoren altzoan.
Euskal Herria bihotzean ta
txistu-danbolin besoan.
Zenbat kontzertu ote darama
hain ahosabai gozoan?
Gure Polentzi Gezala, arte
ereintzan mundu osoan.
5 – Horra ba nire apurra egin
agindu nuen bezala.
Itsas handitan sartu naiz eta
hau bakarrik da kresala.
Ezjakinaren atrebentzia
mesedez inork ez sala.
Norbait mindurik utz nezakeen,
arren barkatu dezala.

Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude