Iratitik – Lanbide zaharrak

Urtaroz urtaro gabiltza Lezori buruzkoak ikasten eta ahal den neurrian irakurri eta idatzitakoa memorian gordetzen. Hala, Lezoko paradigmara hainbat gai ekarri dugu, tartean, garai bateko etxeen izendegia, emakumeen bizimodua, kontrol soziala, elizaren boterea… Ez da ba ekainarekin jaiotzen den urtaro hau gutxiago izango. 

Denon ahotan eta burutan dagoen kontua da gaurko protagonista. Gaurkoan eta atzokoan bizirik egon dena: lana. Parekoaren lanbidea ikusten dugu maiz, nor den, nolakoa den jakin gabe. Orduak kentzen dizkigu jaten ematen digun horrek. Kontu berberak ematen digu denoi buruko eta tripetako mina. Tripetako mina dugu, ordea, lanik ez dugunean. Ez dakigu lanik egin gabe bizitzen. Bizitzarik ez, lanik gabe. 

Abokatuak, irakasleak, dendariak, ingeniariak, tabernariak, topa daitezke gaur begiratzen dugun tokira begiratuta. Ez da berria gizarte klaseen, goraipatutako eta gutxietxitako ogibideen arteko ika-mika, ezta Lezon ere. Frenesi horretan bizitzea, aspaldiko kontua ote?

Itsasoz eta mendiz inguraturiko herri batean, horiexek berak ziren elikagai-iturri nagusia: mendia eta itsasoa, baserria eta arrantza. Ezin bi horiek kendu gure Lezoren Historiatik. Ondorioz, arrain-saltzaileak eta esneketariak nonahi. Amalia Corderoren ama bera aritzen zen Lezon Donostiatik ekarritako arraina saltzen, batzuetan, alabaren laguntzaz. Sardina eta antxoa bakarrik saltzen zuten, eta herriko kaleetan barrena oihukatzen zuten «sardina, sardina! Antxoa, antxoa!», herritarrek entzun eta euren platerekin jaitsi zitezen, egunean bertan harrapatutako arraina erostera. 

Kalez kaleko lana zen esneketariarena ere. Baserritik asto gainean jaitsi, eta etxez etxe banatzen zuten esnea. Arantxa Goiaren etxean esne hori egosi eta irtendako gaina ogi gainean jarrita jaten zuten, azukre pixka batekin. Mikura baserriko esnea erosten zuten haren etxean, Kale Nagusian bertan baitzuen baserritarrak astoa lotzeko argoia. 

Lurrari loturik dago harria, eta harriari Erramun Salaberria. Lopene baserriaren ondoan zuten harrobian egiten zuen lan. Handik eskuratutako harriarekin karea egiten zuten askotan. Bestetan, eraikuntza enpresei saltzen zieten. 

Zerrategia eta txapa fabrika ere herriko ikono ziren. Ehun bat langile biltzen ziren bien artean, baina beti ehundik beherako kopurua mantendu nahi izaten zuten, bestela behartuta baitzegoen lantegia langileentzat mediku bat jartzera. Bikote mordoa sortu zen bertan, herriko emakume askok egiten baitzuen lan txapa fabrikan. 

Alde batera eta bestera joateko autobusa eta tranbia zituzten Lezon. Famatua egin zen Lezoko tranbia gidaria, «mataburros», behin tranbiaz astoa hil eta izengoiti horrekin ezagutzen zuten denek herrian. 

Zer dakigu, baina, garai bateko udal langileez? Hirugarren sektorearen jaiotzan egon ziren lanbide batzuk ez ditugu topatuko gaurko udal langileen artean. Are gutxiago lan egiteko modu berbera. 

Kalea garbitzeaz arduratzen zirenak, adibidez, zaldi eta karroarekin aritzen ziren hara eta hona. Egungo egoerarekin alderatuta, noski, askoz ere hondakin gutxiago zegoen kaleetan barrena. Orain «organiko» moduan ezagutzen dugun hori, «txerrijana» zen lehen, eta etxez etxe biltzen zituen baserritarrak janari soberakinak, ondoren zerriei emateko. 

Udal langileen artean, bada gaur egun existitizen ez den lanbide bat: bandoleroa edo pregoilariarena. Orduan ere bandoa zen Udalaren azken erabakien berri emateko tresna. Hala, danborra hartu eta kaleetan barrena zabaltzen zituen horrek Udalaren berriak, danborra eta ahotsa zituen lan-tresna. Melodia zehatz batek lagunduta eusten zion haren egitekoari, horrela, herritarrek doinu hori entzun eta berehala jakiten zuten bandoleroa gertu zebilela. 

Herria babesteaz, ordea, agoazila eta serenoa arduratzen ziren. Eguneko langilea lehena, gauekoa bigarrena. Larrialdi bat izanez gero, haiengana jotzen zuten herritarrek. Mozkorrak zigortzea ere egokitzen zitzaion sarritan serenoari. Herri askotan, hark zaintzen zituen etxe guztietako giltzak. Gaur egun ezinezkoa litzateke lan hori, guk geuk ere ez baitakigu zenbat giltza darabizlkigun egunerokoan. Duela ehun bat urte, ordea, nekez topatuko genituzke etxeetako ateak giltzaz itxita. 

Aldizkari oso bat beteko luke garai bateko lanbideen gaiak. Ezin denei dagokien espazioa eman. Denborarekin sortu dira lanbide berriak, lan-tresna berriak. Orain ezin esneketaria goizero ikusi, ezta etxean gaudela pregoilaria entzun ere. Ez ditugu bazkariko soberakinak zerriei emateko gordetzen. Asko aldatu dira gauzak, lanbide askoren mesedetan. Nork egingo luke gaur lo lasai, etxeko ateak parez pare irekita?


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude