Lezokeitan

Familian eta lagunartean euskaraz jolasteko eta gozatzeko karta-jolasa sortu dugu Lezo Herri Eskolako Euskara Talaiako partaideok (ikasle, irakasle eta guraso) Udalarekin elkarlanean. Leire Aranburu lezoarraren ilustrazioetan Lezoko pertsonaia kuttunak topatuko dituzue: Zabarre, Trapujale, Marinazkane, Zirikuak, erraldoiak eta buruhandiak, Korri, Xalto eta Brinko pailazoak eta beste. 

Memoria eta estrategia karta-jolas dibertigarri honetan aritzeko bi modu aipatzen ditugu argibideetan: bikote-jolasa eta azkenak pott. Hala ere, irudimena erabiliz, jolasteko beste aukera batzuk sortzera gonbidatzen zaituztegu. Bertakoei eta kanpotik etorritako lezoarrei herriko ondorea ezagutarazteko tresna paregabea da, eta familia giroan euskararen transmisioa ziurtatzeko euskarri. Bestalde, hezkuntza komunitateko familien arteko hartu-emana bultzatu asmoz, aurtengo ikasturtean herri eskolan dauden hainbat jatorritako hizkuntzetara itzuli ditugu argibideak. Horrez gain, euskaraz aritzeko gida txiki bat osatu dugu oinarrizko hiztegi batekin eta esaldi labur eta errazekin, jolasak irauten duen bitartean, elkarrizketak euskaraz mantentzeko gai izan dadin edonor. 500 karta-jolas banatu ditugu, 500 etxeetara iritsi gara. Euskarari eta Lezori gure ekarpena egin nahi izan diogu, gure helburu nagusiari eutsiz: Lezo Herri Eskolan eta Lezo Institutuan euskararen erabileran eragitea, eta, aldi berean, herrian euskara indartzea. Orain zuen txanda da, jolastu «Lezokeitan»!


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude