Xalala (6)

Haren magala dugu bizileku. Hurrera begiratu, eta tolesdurak, haran bihurriak eta ibar nimiñoak ditu itsasoan urtzen. Jaizkibel. Gibeleko aldi guztietan bezala, baina aitzinetik sekula erreparatu gabeko eran. Zer du kontatzeko hareazko menditzarrak?

Iraganean du sorrera. Txoriek hortzak zituzten artean, eta Iberiar penintsula uharte sorta bat zen. Europaren eta irlen artean, berriz, itsasoa. Ez pentsa oso sakona zenik. Are, tarteka kontinentetik sedimentuak irits zitezkeen, ibaiek urratutako lurrak, xehatu ondoren, nahas-mahasean. Uhertasun korronteek kolpetik sekulako harea multzoak pilatuarazten zituzten, eta pikorraren tamainaren arabera pausatu. Uhertasun erauntsi eta erauntsi artean, klimak ere eragin arren, kaltzio karbonatozko maskorren sedimentuak jalkitzen ziren. Denborak eta presioak eragin zien ondoren, harik eta sedimentuak harri geruza bilakatu, eta plaken tektonikagatik uharteak kontinentearekin talka egitean guztiak altxa arte. 

Altxamenduaren ostean, Jaizkibelek ez zituen egungo itxura, ez eta xarma ere. Bestelako aldagaiek modelatu zuten ondoren: euriteek, elurteek, haizeak, eguzkiak, izozteek, kresalak, itsasoak… Indar horiek ez dute su etenik iragarri, ekinean jarraitzen dute, baina horien orain arteko lanaren emaitza ezaguna da. Konposizioari erreparatuta, hareharri eta marga txandaketa da nagusi. Geruza batzuk besteak baino lodiagoak dira, baina taigabe errepikatzen da irudia. 

Bi geruza horiek, batez ere hareharria, oso iragazkorrak dira, eta ura lurzorura iristerakoan ziztu bizian, zirrikituz zirrikitu, barneratzen da harrian. Ibilbidean higatuz gero, kasuan kasu zuloak eta kobak eratzeko parada izan du urak. Eskultorea bailitzan, barnetik ere eraldatu du urak Jaizkibel, ezkutuko gordelekuak zizelkatzen. Hegoalderagoko kareharrizko mendietan ere ikusten dira halakoak, baina bitxiagoa da horrelako egiturak topatzea hareharrietan. Horregatik, sasi karst izendatzen dira, haien edertasuna egiazkoa izan arren.

Jaizkibel azpiko koba sarea, dena den, ez da nolanahikoa. Ur gordeleku direnez, akuifero izendatzen dira, eta Gipuzkoako ur gezeko erreserba handienetakoa osatzen dute. Munibe aldizkariko «Jaizkibel Lurrazpiko Ur-Masaren ezagutza hidrogeologikoaren hobekuntza» artikuluan aztertu zuten gaia, eta urpeko putzu sarearen konplexutasuna nabarmena da haren arabera. Akuifero handi bakarra beharrean, asko ezkutatzen omen dira lurpean, eta haien artean nolabaiteko harremana ere ba omen dute. Batetik bestera joaten dira urak haietatik erauzketak eginez gero. 

Halako ur erreserba izateak jomugan jartzen ditu putzuak. Añarbek, Gipuzkoako iturri nagusiak, 37,3 hm3-ko edukiera du. Bada haren herena du Jaizkibelgo ur masak orotara, 13,8 hm3. Horrelako baliabidea izanda, ez da harritzekoa Gipuzkoako Foru Aldundiak hura erabiltzeko ikerketak agintzea. Ur erauzketak egiteko ponpa sarea eta haietarako mendi pistak 2010etik aurrera eraiki zituzten. Hala ere, zalantzazkoa da oraindik uraren ustiaketa eta Kontserbazio Bereziko Eremuko habitat urtarrak zaintzea bateragarriak diren. Erantzuna izan aurretik hasi dira ura erauzten. 


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude