Victor Fernandez Otxoa

Telmo eta Janire.

Victor Fernandez Otxoa 1936. urtean jaio zen Ekalan, Nafarroan. Haren ama Irene, Jose Luis eta Ana Mari seme-alabekin, eta hirugarrenaren esperoan, Errenteriatik amaren jaioterrira (Ekalara) joan ziren udako egun batzuk pasatzera. Militar faxistek Errepublikaren kontra estatu kolpea eman zuten 1936ko uztailaren 18an. Horren ondorioz, Ekalan gelditu behar izan zuten, eta han jaio zen Victor urte bereko urriaren 18an.

Gerra hasitakoan, aita, hura ere Victor izenekoa, miliziano izan zen errepublikaren alde Larrañaga batailoian. Gerraren gorabeherengatik, eta ondorengo erbestealdiagatik, ez zuen familia ikusi 1942. urtera arte. Bi urte geroago, 1944an, familia osoa Nafarroa Garaitik Lezora etorri zen.

70eko hamarkadan, tentsio handiko giro politiko eta soziala zen nagusi Euskal Herrian. Hernanin eta inguruko herrietan, esaterako, herri mugimendu indartsua zegoen. Haren aurka, eta herri mugimendua eteteko, Espainiako Estatuak errepresioa, atxiloketak, torturak eta talde parapolizialak erabili zituen. Hernani inguruan atentatu eta erailketa gehien BVEk (Batallón Vasco Español) egin zuen, GAL (Grupo Antiterrorista de Liberación) talde ezagunaren aitzindariak.

1981eko otsailaren 27an, otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakeraren ondoren, Victorren aurkako atentatua egin zuten Hernanin. Benta-Berri izeneko tabernan lanean ari zela, gizon bat tabernara sartu, eta Victor bizkarrez zelarik tirokatu zuten. Atentatuak ez zuen Victor hil, baina lepotik beherako mugimendua galarazi zion, eta tetraplegiak gorputz osoko sentikortasun galera eragin. Hamalau urtez izan zen bere ohe edo gurpil-aulkiari lotuta.

Urte luze haietan, sufrimendua bidelagun izan zuen Victorrek, nahiz eta duintasunez bizitzen saiatu zen izaera baikorrari eta umore onari esker. 

Atentatu horrek ez zion Victorri bakarrik eragin sufrimendua; hamalau urte horietako mina inguruko guztiek pairatu zuten, emazteak eta semeak bereziki.

BVEk bere gain hartu zuen atentatua. Espainiako talde parapolizialak Francisco Javier Ansa ere erail zuen Andoainen 1981eko martxoaren 3an. Erailketa gertatu eta bi egunera, BVEko bi kide atxilotu zituzten, Ladislao Zabala Solchaga eta Ignacio Iturbide Alcain Piti.

Aipatu mertzenarioak 1985ean epaitu zituzten Madrilen, Auzitegi Nazionalean. 231 urteko kartzela-zigorra ezarri zieten, baina kartzelan egonaldi laburra egin ondoren, 1992ko maiatzaren 6an hirugarren gradua lortu, eta 1994ko martxoan baldintzapeko askatasuna eman zieten. 1999ko martxoaren 6an behin betiko askatasuna lortu zuten.

Hernanin, Astigarragan eta Andoainen 1979 eta 1981 bitartean gertatutakoa ultraeskuindar talde armatuen zigorgabetasunaren adibide nabarmenetako bat besterik ez da. Victorren atentatuaz gain, gutxienez beste zazpi pertsona erail zituzten. Atentatuak egoera politikoak hauspotu zituen, ekintza horien guztien helburua herritarren artean bereizgabeko beldurra piztea baitzen. Hona hemen BVE taldearen atentatuen zerrenda:

·     1979ko maiatzaren 6an Jose Ramon Ansa Etxeberria, 17 urtekoa.

·     1979ko irailaren 28an Tomas Alba Irazusta, 42 urtekoa.

·     1980ko apirilaren 19an Felipe Sagarna Ormazabal, 42 urtekoa.

·     1980ko irailaren 7an Miguel Mari Arbelaitz Etxeberria, 33 urtekoa.

·     1980ko irailaren 7an Luis Mari Elizondo Arrieta, 32 urtekoa.

·     1980ko azaroaren 14an Joaquin Antimasbere Eskoz, 31 urtekoa.

·     1980ko azaroaren 14an Andrés Etxeberria. Zauritua.

·     1981ko otsailaren 27an Victor Fernandez Otxoa, 45 urtekoa. Zauritua.

·     1981ko martxoaren 3an Francisco Jabier Ansa Zinkunegi, 36 urtekoa.

Zigorgabetasunaren eskandalua erabateko aldarria izan zenean soilik atxilotu zituen poliziak zazpi hilketen eta beste bi atentatuen egileak. Mertzenario horiek inolako disimulurik gabe jarduten zuten. Hainbestekoa zen zigorgabetasuna, haien jabetzako autoarekin egiten zituztela atentatuak (Seat 147 berde batekin). Guardia zibilaren kuarteletan haien etxean egongo balira bezala ibiltzen ziren.

Atentatu krudel hartatik hamalau urtera, 1995eko martxoaren 17an zendu zen Victor. Bizitzaren paradoxak, aita ezin izan zen semearen jaiotzan egon, Gerra Zibilaren gorabeherak zirela eta. Eta semea ezin izan zen aitaren heriotzean egon, Toledoko Paraplegikoen Ospitalean larri zegoelako atentatuaren ondorioz. 

DUINTASUNAREN OROIMENA, OROIMENAREN DUINTASUNA.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude