Kontrol Soziala – Iratitik

Ez zaizkigu errepikapenak gustatzen. Dena delakoa egiten, onenak izan nahi dugu. Are gehiago herri batek sortzen duen unibertsoan. Munduko herririk onena. Zaharrena. Mitologiarik aberatsena duena.  Hizkerarik politena. Inguruko jairik onenak. Futbol talderik arrakastatsuena. Tabernarik onenak. Kroketarik goxoenak. 

Denboraren eskutik dator aldaketa. Arkitekturak, literaturak, hizkuntzak, arteak… ederki islatzen du denboraren aztarna. Garai batean normala zena, beharbada, hamar urtera ez da arrunta izango. Begi txarrez begiratuko da. Eta alderantziz. Urteak atzera izugarrizko buruko minak ematen zizkigun horri gaur egun ez diogu urrea balio duen segundo bakar bat ere eskainiko. 

Arkitektura aipatu dut lehen. Bada, buruhaustea iruditzen zaigu gaur, baina arkitekturan jantzita daudenek jakingo dute aspaldi komun bakarra partekatzen zuten eraikinak zirela nagusi. Ez hori bakarrik. Animaliak hezten zituzten etxeetako atarietan. Zenbatek ditugu, gaur egun, zerriak eta oiloak gure portaletan? Zenbat bizilagunekin partekatzen duzue komuna?

Literaturara egin dezagun jauzi. Nola adierazten zituzten lehen maitasuna eta tristura? Poesiaren eta bertsoen bidez adierazi ohi zituzten batzuek. Ederki ikasi genuen hori Zeorri!ko 5. zenbakian, Pedro Agirre Barandiarainek maiteminez idatzitako poemak irakurri genituenean. Zenbatek idazten ditu gaur barneak husteko poemak? 

Kontrol sozialari buruz, ordea, nekez idatz daiteke emakumea aipatu gabe, eta hari horretatik tiraka Lezon gertatutakoak aipatuko ditut, izan ere, bada portaletako zerriak eta maitasun poemak baino haratago joaterik. 

Kongregazioa zen kontrolerako erabiltzen zen trensetako bat, herri txiki zein handietan. Maitek, oraindik ere, harriduraz kontatzen du anaiarekin dantzan ibili izanagatik kongregazioak zigortu egin nahi izan zuela, gizonekin dantzan egitea bekatu zelako. Dena zen bekatu. Zigortutako herrikideak seinalatzeko, zinta morea eskegi behar izaten zuten bularretik eta elizan lehenengo ilaran esertzen ziren, haiek egindako bekatua herri osoarentzat begi-bistakoa izan zedin. Maitek, disidentziaz, ez zuen zigorra onartu, eta kongregaziotik bota zituzten bera eta laguna.
Berdin gertatu zitzaion Margaritari, bera ere anaiarekin dantzan aritzeagatik zigortu zuten, eta zinta morea eskegi behar izan zuen bularretik elizan. Martxeli lezoarra ere zigortu zuten kongregazioan, Errenterian mutilekin dantza eginagatik.

Zigortuko ote zituzten Maiteren, Margaritaren eta Martxeliren dantzalagun izan ziren gizonak? 

Ukitu ezin ziren hizketagaietara etortzen bagara, zerrendako lehenengo postuan dago sexua. Gaur normaltasunez bizi dugu, ordea, eta Zeorri!n ere bere ataltxoa dauka. Juanik, gaiaren inguruan galdetutakoan, argi eta garbi esaten du: sexua ezta aipatu ere.  Sexuari buruzko inolako azalpenik ez zen ematen. Juanik, barrez, baserritarrek gehiago zekitela gogoratzen du, animaliaz inguraturik bizi baitziren horiek, eta azkarragoak ziren sexu kontuak ulertzen behintzat.

Sexutik gehiegi aldendu gabe, haurdunaldia ere ezkutatu egiten zela oroitzen du Esterrek. Arropa zabalak erabiltzen zituen hainbatek haurdunaldia ezkutatzeko. 

Sexuaz ezin hitz egin, eta hilerokoaz hitz egingo ote zen? Ez, ba. Arantxaren familian, besteetan bezalaxe, ez zen hilerokoa izendatzen ere. Beldurgarria zen hilerokoa. Amak, alabak edukitakoan ere, ez zien hilerokoaren inguruan inolako informaziorik transmititu. Ondorioz, lehenengo hilerokoa etortzen zenean, gaixo zeudela pentsatzen zuen emakume askok.

Kontrol soziala eta debekua. Elkarrengandik gertu dauden bi kontzeptu. Kontatu dizkiezuet zenbait, baina hamaika kontu eta bitxikeria gelditu dira aipatu gabe. Hala ere, mezua argia da: lehen gertatzen ziren gauza batzuk onartezinak dira gaur egun. Lezon ere bai. Eskerrak.

[Iturria: Euskal Herriko Ahotsak]


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude