Trapujaleren iragana eta oraina

Joseba Aurkenerena Barandiaran

Lezok ongi merezi zuen berezko inauteri bat, frankismoaren garai tristean lapurtutako nortasuna berreskuratzeko, eta Trapujalek horretarako aukera eman zion. 

Zeorri! aldizkarikoek gonbidaturik artikulu hau idazteari ekin diot, eta luma eskuan hartu orduko, oroitzapenak eta adiskideak gogora etorri zaizkit trumilka. Artikulu honek biziki momentu goxoak gogorazi dizkit, eta hori dena eskertu nahi diet aldizkari gaztea osatzen duten neska-mutil prestuei. Mila esker, bihotzez. 

    1987tik 1991ra Lezoko kultura zinegotzia izateko zortea izan nuen, eta zortea diot, esperientzia hark, beste gauza askoren artean, biziki lagun onak ezagutzeko aukera eman zidalako. Garai hartan herriko elkarte eta herri erakunde guztietako arduradunak Kultura Batzordean biltzen ziren, koordinatzaile gisa aritzen zen kultura zinegotziarekin batera, era guztietako ekitaldi, jai eta kultura arloko ekintzak antolatzen edota bideratzen zituzten.

    Frankismo luzeak Hegoaldea erdi itota utzi zuen arlo guztietan, baita herri kulturarekin loturikoa ere, eta hortxe aipatu beharra daukagu euskal inauteria. Inauteria negutik udaberrira doan errito zaharra daukagu, oso garai zaharretatik datorkiguna. Euskal Herrian bere bide luze eta aberatsa egin badu ere, frankismoaren garai ilunek desagertzeko zorian utzi zuten. Horrela, Lezon, inauteria berriz antolatzen hasi ziren 1982. urte aldean, baina inolako barne egiturarik gabe. Tolosako inauteri urbanoa zen eredua. Dena den, herriko zenbait lagunen artean, bertako inauteri zaharra berreskuratzeko eta berpizteko beharraz hitz egiten hasi ziren, eta hori Kultura Batzordera ere iritsi zen. 

    1987an, Ekaitz Atseden Taldeko gazteek Trapujale pertsonaia lehen aldiz plazaratu zuten kalez kale. 1988an gauza bera egin zuten, eta Txerrimuñoko eta Gazte Asanbladako gazteek tarratada mozorrotua. Bi ekitaldi horiek abiapunturik hartuta, Kultura Batzordean bertako inauteri zahar-berritua egiteko erabakia hartu zuten. Lezoko aiton-amonei galdetu zitzaien, paper zaharretan aztertu genuen, baina alferrik, ezer gutxi aurkitu baikenuen. Hori ikusirik, inauteri berria egiteari ekin genion. Trapujale hartu genuen ardatz gisa, eta horren inguruko erritoak, gertaerak eta gainerako pertsonaiak asmatu genituen. Eskolan, institutuan, ikastolan, elkarteetan, etxeetako denda eta gutun-ontzietan banatu genuen komikia izan zen prozesua biribildu eta zabaldu zuena. Gidoia Mikel Susperregik egin zuen eta Lander Zurutuzak marrazkiak.

    Horrela, 1989an, Trapujaleren inguruko inauteri berria, kalez kale eta plazaz plaza atera zen arrakasta handiaz. Gauzak elkarrekin, eta denekin kontatuz egiten direnean, fruitu ederrak jasotzen dira gero, eta horixe da Lezoko inauteriarekin gertatu zena. Inauteri horren sorrera kolektiboa izan zela aipatu beharra daukat, eta Lezoko herria izan zela hori bideratu eta aurrera atera zuena. Ez zen asmatzaile zehatzik izan, denon arteko lanaren fruitua baizik, eta horrek eman zion aurrera egiteko indarra. Elkarteetatik, ongi hausnartutako proposamenak etortzen ziren Kultura Batzordera, eta bertan denen iritziak alderatu eta eztabaidatu ondoren, erabakiak hartzen ziren. Niri dagokidanez, esan behar dut koordinatzaile gisa aritu nintzela, nire iritziak eta proposamenak azalduz, gainerako guztiek egin zuten bezala. 

    Jadanik urte asko pasatu dira, eta Lezoko inauteria indartu, aberastu eta egonkortu egin da, hasieratik izan duen arrakasta mantenduz. Gizartearen adin arlo guztiendako pentsatua bazen ere, haurren artean izan zuen, gehienbat, arrakastarik handiena. Hasierako gazte haiek gaur guraso dira, eta horiek ohitura iraunarazten eta belaunaldi berriei pasarazten sekulako lan handia egin dute.  Gaur, Lezoko inauteria ongi erroturiko jaia dela erran daiteke. Ni 1991n aldatu nintzen Lezotik Urruñara, badira beraz, 30 urte Lezotik urrun bizi naizena, eta ziur aski ez nauzue pertsonarik egokiena azterketa on bat egiteko orduan, baina ene uste apalez, zerbait falta da oraindik lezoar gazte gehienen parte-hartzea atzemateko. Dena den, hori ere lortuko delakoan nago. 

    Artikulu hau bukatu aurretik, eta lerro hauetatik, besarkada handi bana helarazi nahi diet, garai hartako Kultura Batzordean, elkarrekin inauteria egituratzen, mamitzen eta prestatzen aritu zineten elkarte eta herri erakunde guztietako ordezkariei, plazer handi eta ahaztezina baitira niretzat, zuekin batera, urte haietan,  egindako lana eta piztutako ametsak. Nire esker ona den-denei. Gogoan eta bihotzean zaituztet.  Aupa Lezo eta aupa Trapujale!!! 

Urruñan, 2021eko otsailaren 7an.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude