Kontrol Soziala

Unai Tolosa Pontesta.

George Orwell-en 1984 urtetik 37 urte pasa diren arren, ez gara iritsi Georgek irudikatutako egoera hartara. Egungo egoera distopikoan kontrol handiago adute Amazonek, Applek, Googlek eta Microsoften erako enpresek «Anaia Handi» bilakatutako estatuek edo alderdiek baino.

Kontrol soziala izugarri hazi da pandemiaren aitzakian. Poliziak ikusi ditugu euren guda taktikak probatzen, eta herriak gerra laborategi balira bezala erabiltzen.

Hala ere, kontrol soziala lehenago ere bagenuen. Ez estatuek, ez multinazional basatiek, ez zuten hura gehiago hazteko behar berezirik, baina egoerari etekina ateratzen jakin dute, zalantzarik gabe. 

Konfinamendu garaian gure ohitura eta komunikatzeko erak asko aldatu dira. Lehenago ere tresnak hor genituen, baina jabego anitzagoa zuten, ez zeuden enpresa baten esku. Hor dago gakoa: eguneroko ekintza soiletan datu-multzo handiagoa sortzen dugu, baina tresnen jabetza zentralizatu egin da. Datu asko ekoizten ari gara. Gero eta gehiago. Orain bideo-dei gehiago egiten dugu, mezu gehiago bidaltzen dugu, ikasketetako edo laneko dokumentuak hodeian ditugu… 

Askotan egiten dugu gure datuak gutxiesteko akatsa. «Berdin zait zer dakiten niri buruz», «nork nahiko ditu nire datuak?», «nork nahiko ditu nire argazkiak edo elkarrizketak?»

Zure datuak, izen abizenekin, ez dituzte nahi seguruenik, baina zure inguruko beste milaka pertsonen datuekin batera aztertu baditzakete, orduan bai, nahi dituzte. Datu agregatuek ematen diete balioa (gure) datuei. 

Horregatik dira hain garrantzitsuak zerbitzu bat erabiltzeko onartu beharreko erabilera-baldintzak. Duela gutxi hautsak harrotu ditu Whatsapp-ek erabilera baldintzak aldatu izanak. Bertan, Facebook aplikazioarekin informazioa partekatzea espresuki baimentzen diogu.

Dena den, datu horiek ez dute zertan txarrak izan, arazoa zera da: noren eskuetan dauden, nork erabil ditzakeen, non jasota eta zertarako erabili ditzakeen. Denon eskubidea izan beharko luke gure datuak zertarako edo zeinek erabiliko dituen erabaki ahal izatea. Norberaren datuak osasun ikerketa bati eskaintzea erabaki dezakegu. Baina ez ditzatela guk era inkontzientean emandako datu horiek gure kontra erabili, adibidez, mugikorrean bateria gutxi dugula eskari bat egin nahi dugunean prezioak garestitzeko, edota GPS bidez lortutako informazioarekin sedentarismoa neurtu eta seguru medikua garestitzeko.Beraz, datuen burujabetza denoi dagokigu. Gizartearen norabidea gure erabakien araberakoa denez, hasi behar dugu aukeratzen nora jo nahi dugun. Norabide hori zein den aukeratzen hasi behar dugu.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude