Mikele Ibarra Mutuberria – Ainhoara

Mikele Ibarra Mutuberria (Zubieta, 1907-12-19 / Lezo, 1994-06-19) aurreko mende hasieran Zubietan sortu bazen ere, oso gazte etorri zen Errenteriara zerbitzari. Bertan Juan Mendizabal Lasa pilotaria tolosarra ezagutu zuen, gudari izandakoa gerra garaian. Gizonak lezoarrekin harreman estua zuen, eta, beraz, ezkontza-agiriaren arabera, Lezora ezkondu ziren 1942an. Bikotea San Pedro auzoan bizi izan zen, arkupetik sartu eta ezkerretara lehen portalean, Eugenio de Otxoa kalean. Lau seme-alaba ere eduki zituzten.

Etxekoandrea, elizkoia, jeltzale sutsua, Caritaseko laguntzaile amorratua, isila eta jatorra definitzen zuten, besteak beste, haren ezagunek. Askok, baina, nekez jakingo zuten ezkutuko idazle ere bazenik. Are gutxiago, 351 orrialde bertsoz eta olerkiz josi zituenik. Hala dio azalak: Pentsionista baten lantxoak bere bizitzea ta, bere iritziak, beste asko ere animatu ditezen idazketa onen antzera beren bizitze ta iritziaren berri-emateko.

Adinean aurrera, Kontxi Balda izan zuen zaintzen nahiz etxean laguntzen, eta, hari esker, Ibarrak idatzitako 351 orrialdeko eskuizkribu argitaragabeak topa ditzakegu egun Lezoko Udal Liburutegian. Eskuizkribuak ez ezik, Agustina Pontestak idatzi horiei egindako transkripzioa ere eskuragarri dago leku berean.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude