Alopezia

Aintzine Gaztelumendi Cuesta.

Egunerokotasunean pairatzen ditugun baldintzen ondorioak denon gorputzetan gorpuzten zaizkigu. Estresa, antsietatea edota urduritasuna ditugunean sortzen zaizkigu granoak, orbanak, elikadura-nahasteak, loaren gaineko nahasmenduak… eta nire kasuan, alopezia. Alopeziak ilearen galera ekartzen digu, eta gorputzeko zenbait ataletan eragin dezake, baita gorputz osoan ere. Gizonezkoetan zein emakumezkoetan. 

Gizonezkoen kasuan oso ohikoa da, normalizatuta dago. Izan ere, lehenago edo beranduago burugaina zein soilguneak agertzen zaizkio gehiengoari. Honek ez du esan nahi haiek konplexurik ez dutenik. Emakumeok ere pairatu dezakegu, soilak izan gaitezke. Hau, ordea, tabutzat hartzen da, ez baitago gaiaz naturaltasunez hitz egiteko batere joerarik. Nire azalean jasan izan dut hori, jendeak galdetu gabe minbizia izango banu moduan tratatu izan nauenean. Ezjakintasunagatik, noski. Askok nire kasua ezagutu arte ez baitzuten alopezia zer den ere ezagutzen. 

Emakumeok, sistemak eta gizarteak eragiten duen presioaren ondorioz, garrantzi handia ematen diogu estetikari; besteak beste, ileari. Hori dela eta, soiltasuna daukagunok, lotsa sentitzen dugunez, hori ezkutatzeko beharra sentitzen dugu: ileordea edota zapia jarriz, bekainak margotuz edota tatuatuz, betile faltsuak jarriz… nahiz eta gustura ez sentitu edo deserosoa izan. Baztertuak ez izateko, txiki ez sentitzeko, gainontzekoen begirada epaileak saihesteko… Beldurragatik.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, inguruko pertsonak alopezia dugunoi eta ez duzuenoi (estresa, antsietatea edota urduritasunagatik granoak, orbanak, elikadura-nahasteak, loaren gaineko nahasmenduak, eta abar dituzuenoi) naturaltasun osoz tratatzera animatzen zaituztet. Penaz eta atsekabez tratatua izatea ez baita atsegina, eta ahaldundu edota boteretzen lagundu baino, errukiz jardutera eramaten gaitu. Pertsona bera izaten jarraitzen dugulako, estetikoa baita. Horrexegatik, ezagutu ditzagun gure gorputz anitzak, maita ditzagun gureak eta onar ditzagun besteak. 


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude