Ainhoara – Antonio Pildain Zapiain

Ezer baino lehen, eskerrak eman nahi dizkiegu Lander Zurutuza Lezoko liburuzainari eta Joxe Juan Ugalde kazetariari, haiek lagundu baitigute Antonio Pildainen biografian arakatzen.

Antonio Pildain Zapiain 1890eko urtarrilaren 17an jaio zen Lezon. Aita itsas-pilotua eta ama irakaslea zituen. 

Erroman Teologia doktoretza egin zuen. Bertan apaiztu, eta Gasteizko apaiztegian izan zen irakasle. Bost katedra eskuratu zituen. Hizkuntzak ere bat baino gehiago: gaztelania, frantsesa, latina, grekoa, hebreera eta italiera. Bigarren errepublikan, diputatu izan zen Madrilgo gorteetan koalizio katoliko-foruzaletik, eta Lizarrako estatutuaren defentsa egin zuen, besteak beste Hego Euskal Herriak izan zezan Vatikanoarekin zuzenean negoziatzeko aukera. Bere ibilbide nagusia, ordea, Las Palmas Kanaria Handikoan apezpiku gisa egin zuen 1936 eta 1966 artean, osasun arazoak tarteko, kargua utzi behar izan zuen arte.

Eragin handiko pertsona izan zen Kanarietan, Zurutuzaren iritziz, Francoren erregimenari aurre egin zion gotzain bakarretakoa izan zen bera: «Franco 1930ean bisita ofizialean izan zenean Las Palmas Kanaria Handikoan, Antonio Pildainek ateak itxi zizkion, izan ere, Francoren ohorez aurreikusitako dantzaldi bat debekatzea eskatu zuen, eta dantzaldi hori debekatu ez zelako hartu zuen erabaki hori. Erabakia oso kritikatua izan zen bere momentuan». 

Antonio Pildain gotzain lezoarra moral aldetik zorrotza izan zen, aurre egin zien Miguel de Unamunori edota Benito Pérez Galdosi buruzko museoa eraikitzeko proiektuari, haien iritziak erlijioaren kontrakoak zirela iritzita. Honakoa dio Pildainek idatzitako gutun pastoral batek: «Don Miguel de Unamuno hereje máximo y maestro de herejías». Dotrina katoliko atzerakoienaren defendatzaile izan zen: «janzkerak kritikatzen zituen, elizan sexuen arteko banaketa ezarri zuen, abesbatza mistoak debekatu zituen. Are gehiago, parrokietako antzerkietan ere sexu-banaketa bultzatu zuen, bikiniaren erabilera debekatu zuen bekatu mortaltzat hartuta, eta ohitura txartzat hartzen zuen bikoteak ezkondu aurretik eskua emanda joatea», dio Zurutuzak. 

Baina, aldi berean, jarrera eta jokabide aurrerakoiak ere bazituen: esate besterako, heriotz zigorraren aurkakoa zen, eta indultoak lortu zituen. Pastoralak ere egin zituen langabeen eta soldata duinen alde, prezioen igoeraren eta gosearen ingurukoak, eta beste gizarte neurri batzuk ere sustatu zituen.

1973an hil zen, 83 urte zituela, Las Palmas Kanaria Handikoan, bihotzeko arazoen ondorioz.

Gorputzez ari garen honetan, Pildainen honakoa hautatu dugu: Dos cartas pastorales. El Turismo y las playas, las divisas y los escándalos. La supresión de las diferencias de clases en bodas, bautizos y funerales. Por el Sr. Obispo de Canarias. Irakurri, biluzik utziko zaituzte eta.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude