Mendia armadaren gatibo denean.

Joxe Luix Agirretxe Mitxelena.

Lezoarrontzat, hondarribiarrentzat eta sanjuandarrentzat Jaizkibel balio sinboliko handiko leku ia sakratua dela esatea ez da deus berririk eta harrigarririk esatea. Maite dugu, erraietaraino maite ere gure menditzat dugun espazio fisikoa. Gure herriak eta gure buruak mendiarekin bat eginda sentitzen ditugu, eta hura gabe ezin uler edo imajina genitzake. Jaizkibel herriarena da oihukatzen eta aldarrikatzen dugu aukera dugun oro, mendian bai baitu gustuko ez dugun eta, aldez, behintzat, bahiturik duen kaki koloreko orban itsusi bat; eremu militarra. 

XIX. mendean, bigarren karlistadaren garaian, hasi zen, guk dakigula, mendiaren erabilpen militarra. Hala ere, 1939an, 1936ko altxamendu faxistak eragindako gerra amaitu zenetik aitzinera, nabarmen areagotu zen mendiaren erabilera hori. Francisco Franco jeneral espainiarra Europako gerran aliatu zirenen erasoaren beldur zen. Bi estatuen mugaren aldetik eraso egingo zutela uste zuenez, hainbat azpiegitura militar eraikitzeko agindua eman zuen: Batetik,  “Vallespín” izenez ezaguna den lerro gotorra -bere metrailadore hobi eta lurrazpiko galeriekin- eta, bestetik, bailarak eta azpiegiturak bata bestearekin lotzeko, erabilera militarreko errepideak.

«Diktadorea bera Jaizkibelen izan zen [errepidearen] inaugurazio ekitaldian.»

Lezotik Guadalupeko gotorlekura doan errepidea, egun, GI 3440 dena, 1939ko udan hasi ziren eraikitzen, gerrako preso esklaboen bortxazko lanarekin, eta 1946an amaitu zuten. 1951 arte ez zuten ofizialki inauguratu, ordea. Diktadorea bera Jaizkibelen izan zen inaugurazio ekitaldian. 

Errotetatik hasi zuten eraikitze lana eta, aurrera egin ahala, esklaboentzako eta zaindarientzako hainbat barrakoi eremu eraiki zituzten mendian barrena; Errotetan, Iparragirren, Frantzesanen -gero kuartel bihurtu zena- eta Guadalupen. Gauza bera egin zuten hegoaldeko mendi magalean, Gaintxurizketa eta Jaitzubia artean, Elbistieta baserriaren lurretan; hobiak eta galeriak eraikitzeko, barrakoi eremua. Horrez gain, hainbat baserri okupatu zituzten, haien ganbaretan eta, are, logeletan, esklaboak eta tropa sartuz. 

Errepidea sigi-saga doa mendi magalean barrena, propio, landaretzak eta mendiaren ertzek aise ezkuta zezaten  pentsatua baitago, airetik ez ikusteko. Gainera, kilometro gehienak  ipar isurialdetik doaz, bailaratik ere ez ikusteko. Errenteria Guadalupeko gotorlekuarekin lotzea zen haren helburua, baina inoiz ez zen erabilera militar haren beharrik gertatu, ez eta muga bazterreko lerro gotor eta galeriena ere, alferrikako lanak izan zirela esan liteke, beraz.

«Eremu hori itxi egin zieten herritarrei.»

Aipatu errepidea eraikitzeaz bat, ordea, egun herritar eta mendizaleentzako arazo eta kezka iturri nabarmena den tiro eremua sortzeko urratsak ere egin zituzten 1939ko urte hartan. Hala, 1939ko urriaren 7ko 285. zenbakidun BOE delakoan, mendiaren jabeen eta maizterren desjabetzeaz hitz egiten da eta, bidenabar, tirorako eta maniobretarako eremuaren muga zehatzak ezartzen dira.

Jaizkibel mendiaren eremu oso handien jabe zen, eta oraindik ere den, Satrustegi familiaren lur eremu handi baten desjabetzea gertatu zen, beraz. Hala, 365 hektarea lur Espainiako armadaren eskuetara pasatu ziren. Bestela, esanda, mendiaren ia %17. Desjabetze hura borondatez kontrakoa ala borondatezkoa izan zen ez dago oraindik behar bezala argituta. 

Era batera izan, bestera izan, Espainiako armada bihurtu zen, bere tiro eta leherketekin, itsas aldeko lur eremu zabal horren jabe, Pasaiaren udal barrutiaren %30aren jabe, azken batean. Gainera, tiro eremu militarraren sorrerak hainbat baserriren galera eta suntsitzea ere ekarri zuen; Sunbillondo, Lete, Arangua, Gaztarrotx eta Satza. Horrek bakarrik berekin dakarren galera antropologiko, etnografiko eta kulturalarekin.

Geroztik, eremu hori itxi egin zieten herritarrei, mendizaleei eta artzainei; hesiak, seinaleak, txarrantxak eta abar jarriz. Debekua zorrotza izan zen urte luzez, eta oraindik ere inor bertatik igarotzen ikusten badute edo harrapatzen badute, bidali egiten dute bertatik, eta, deskuidatuz gero, mehatxu egin ere bai, dela isunekin, dela salaketekin edota, zuzenean, tiro egitearekin. 

Herritarrek, ordea, gutxi edo asko, mendia erabiltzen jarraitu zuten, lehendik ohi zuten eran, eta, ondorioz, ez dira gutxi izan gertatutako istripuak, tiroz zaurituak, lagatako obusek eztanda egin eta hildakoak, eskapada egindakoak… Gertaera lazgarriena, hala ere, 1972ko apirilaren 1ean gertatu zen,  mutiko talde bat pilota tankerako objektu batekin jolasean hasi eta eztanda egin zienean. Iñaki Elosegi eta Juan Etxeberria adin txikiko errenteriarrak hilik gertatu ziren, eta Jose Manuel Durán itsu geratu zen zaurien ondorioz. Beste zortzi mutikok zauri larriak izan zituzten, anputazioak, erredurak eta abar. 

1980. urtean «Alkartasuna» izeneko arrantzontzia tirokatua izan zen kostatik bi miliatara arrantzan ari zela. Tiroak Irungo Katea auzoko kuarteletan egoitza zuen «Batallón Colón»ek egin zituen Jaizkibeldik metrailadore astunekin.

Txiste txar baten graziarekin, urte berean, Espainiako Defentsa Ministerioak 300 metroko zabalera duen zatia erantsi zion lehengo tiro eremuari haren perimetro osoan, «segurtasun eremu»  izendatuz. Tarte horretan ezin da, geroztik, obra, lan edo bestelako jarduerarik egin ministerioaren baimenik gabe.

Tiro eremuak hartzen duen lurra herritarrei itzultzeko eskaerak eta egoera hori salatzeko protesta ekintzak ugari izan dira urte hauetan guztietan; manifestazioak, errepide mozketak, mendi martxak, kanpatzeak, hautetsien bertaratzeak… Ez dugu ahantzi behar, bestalde, Azabaratzara joateko herri-bideak ere balizko eremu militar horretatik igarotzen direla, eta asko eta asko zirela eta direla naturaz eta itsasoaz gozatzera hara joaten diren Lezoko, Pasaiako, Errenteriako eta Oiartzungo herritarrak. 

Hainbestekoa izan da historikoki harako joera hori ezen hainbat herritarrek auzolanean eraikitako etxolak baitaude bertan, gauak ere han igaro ahal izateko helburuz. Haietako etxola bat, handiena eta ezagunena, behar bada, Satza izenekoa, 2021eko urriaren 18an eraitsi zuten militarrek eurek, inor bertara ez dadin. Lezoko herritarrek protesta egin zuten ekintza horren aurrean, militarren jarrera salatuz.

Istripuez, arriskuez eta mehatxuez gain, tiro eremuak kalte ekologiko handia eragin dio mendiari urte hauetan guztietan. Makineria eta ibilgailu militarrak, oso astunak kasu askotan, hainbat eremu urrun eta malkartsuetara eraman ahal izateko, ezin konta ahala bide, bidezidor, zabalgune eta bestelako azpiegiturak urratu dituzte mendian, lur mugitze handi eta bortitzak eginez. Hondeamakinak noiznahi sartzen dituzte bertara, ekosistemak, basoak, errekak eta abar suntsituz. Praktika horrek oraindik ere bere horretan jarraitzen du. 

Militarrez gain, Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak, Ertzaintzak, hainbat herri handitako udaltzainek, SAPA arma lantegiak eta partikularrek ere erabili izan dute tiro eremua.

Etengabeko tiro jardunaren eta leherketen ondorioz, bertako lur eta uretako berun kontzentrazioa maila onargarrietatik gorakoa dela ezin da aipatu gabe utzi. Maniobra militarrek eta armadak nahita eragindako suteak eta kiskaltzeak ere ugari izan dira; prentsako hemeroteketara jo besterik ez dago. 

Mendiak duen flora aberastasunagatik, 1997an, Europako Batzordeak Jaizkibel «Batasunaren Intereseko Leku» izendatu zuen. Lehentasuna duten garrantzi komunitarioko hiru habitat eta garrantzizko beste zortzi zehazten dira militarrek okupatuta duten eremuan.

2018ko apirilaren 28an, Espainiako gobernuak Errege Dekretu baten bidez, Jaizkibel «defentsarako interes nazionaleko eremu» izendatu zuen. Izendapen horrekin, interes militarrak ingurumenaren babeserako legeriaren eta ordenamendu urbanistiko ororen gainetik ezarri dituzte. Ez dute, hortaz, natur gune batek merezi duen babesa eta gure udalerrietako hirigintza arauak errespetatzeko inolako asmorik.

2015az geroztik, urtero, mendi martxa antolatu ohi dute Lezoko eta Jaizkibel inguruko hainbat eragilek, Lezoko plazatik tiro eremuraino, mendiak eta herritarrek bizi duten egoera bidegabe hori festa giroan, fermuki, salatzeko eta Jaizkibel herriarena dela aldarrikatzeko.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude