Kakalardoak – Xalala

Tarteka naturak argitara ateratzen du ezkutuko zenbait bitxikeria. Adi-adi ibiltzea baizik ez da izaten beharrezko aldi horietan, eta Lezon azkenaldian altxorren bat edo beste ikusteko aukera izan dugu, irudiko kakalardoa, esaterako. Jaizkibelen magaletako baratzeetara joan zen bisitan, eta hartaz bizkor jabetu ziren nekazariak. Ikusi eta Zeorri!-ri albistea pasatzea, dena izan zen bat.   

Aurkezpen ofizialekin hasita, Rosa duzue irudikoa, Rosalia alpina delako haren izen zientifikoa. Izen arrunta, aldiz, ohiko egoeretan erabiltzekoa, kakalardo adarluze alpetarra da. Itsasondoko aieketan mokotarro pintoa ere esaten omen diote. Espezie arrunt preziatua da, ekosistema osasuntsuen indikatzaile izan daitekeelako, nahiz eta Hego Euskal Herrian babestuta ez izan. 

Itxura, egia esan, deigarria du oso, eta haren adar ikusgarriek naturzale ugariren begiak eta bihotzak goxatu izan dituzte. Urdinez jantzita bizi da, baina beltz koloreko orbanak izaten ditu bizkarrean. Soineko horietako orbanak, nahiz eta patroi berdina jarraitu, ez dira sekula bera. Ez daude orban bereko bi kakalardo, nork bere irudia baitu. Hala, haietako bakoitza identifikatzea erraza izaten da. 

Udaberri amaieratik udazken hasierara izaten dira helduak aktibo. Batetik bestera ibiltzen dira haien adarrak erakusten. Egur hila izaten du bizileku eta janleku. Euskal Herrian pagadi zaharrak ditu gustuko, pago mugarratuz jositakoak gogokoen. Haietan usteldutako zura ugariagoa izaten da, eta eskuragarriago dago. Hemen inguruan, Oiartzungo pagadiek eta Artikutzakoek eskaintzen dituzte intsektu honentzat bizitzeko baldintza onenak. 

Hala eta guztiz ere, irudiko kakalardoari lotuta, bitxiena haren jatorri ezezaguna da. Nola iritsi ote da hildako egurrez jositako baso osasuntsu batetik Lezora kakalardoa? Azalpen errazena zerbaitek ala norbaitek ustekabean ekarri izana da. Auto baten barruan, basolanetarako tresnaren bati itsatsita, edo antzeko eraren batean. 

Bigarren aukera, aldiz, dispertsio naturalaren ondorioz iritsi izana da. Bizidunek ondorengoak izaterakoan ez dute haien txikientzat toki nahikorik. Konparazio baterako, zuhaitz baten hazi guztiak bertan eroriko balira, ezingo lukete aurrera egin, zuhaitzak berak egiten dielako itzal, eta haztea galarazi. Hegazti lurraldekoiekin, berriz, eremu jakin bateko elikagaiak, gordelekuak edo baliabideak erabiltzen dituztenez, haientzako aski izan arren ezin dira hegazti gehiago bizi toki berean. Horregatik jotzen dute urruntzera indibiduo gazteek. Agian halako saiakera batek ekarri zuen kakalardoa Lezora. 

Espekulazioak espekulazio, kontua da Jaizkibelen halako intsektu eta onddo egurjaleek geroz eta bizileku hobea dutela. Basoa bilakaera zuzena izaten ari da, eta gero eta enbor ustel gehiago ikus daitezke bazterretan. Haietan ikusiko al ditugu kakalardo gehiago?


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude