Enarak – Xalala

Biodibertsitateaz aritzean bizileku aberatsak etortzen zaizkigu gogora, inguruko paisaiaren osagaiak. Horien artean batzuk ekosistema naturalak dira (ameztiak, hariztiak, pagadiak…), eta beste zenbait erdinaturalak (zelaiak, txillardiak, otadiak…). Bigarren kasuan, nolabait gizakiaren eragina dago horien atzean. Izan ere, abeltzaintzarik gabe, edo egurrik moztu gabe, Lezoko bazter gehienak amezti eta harizti izango lirateke. 

Dena den, sailkapen horretan herriguneak ahaztuta gelditzen dira, hutsik baleude bezala, eta ideia okerra da hori. Eremu hiritartuak biziz gainezka daude, eta espezie jakin batzuk ederki moldatu dira etxebizitzez, eraikinez eta plazez osatutako ingurunera. Sugandilek eta muskerrek harrizko hormetan hartu dute ostatu, burruntzi eta sorgin orratzek iturriak probesten dituzte, eta bertako landareak lorategietan hazi. Labarretako hormak eta arrakalak atzean utzita, hezgati intsektujaleek ere lortu dute gizakiak eraldatutako tokietara egokitzea. Sabai eta fatxadei esker herritartzen hasi ziren, eta orain eraikinetan egiten dituzte habiak. Aurten ere heldu dira enarak. 

Bidai luzea izan dute aurretik, urteko sasoi batzuetan soilik izaten baitira Euskal Herrian. Negua Sahara hegoaldeko txokoetan pasatzen dute, eta udan ugaltzera itzuli. Migrazio horren inguruko datu zehatzak ikaragarriak dira. Hogei gramo inguruko hegazti nimiñoek 30 egun egiten dute bidean, ia-ia gelditu gabe, 3.500 km egiteko. Gainera, asko ez dira arnasberritzeko ere pausatzen, eta lurrik zapaldu gabe egiten dute bidaia osoa.

Iristerakoan, berriz, habiak eraiki behar dituzte, eta artista hutsak dira horretan. Makina bat hegaldi egin behar izaten dute gertuko hezeguneren batera lokatz pilotak biltzeko. Ondoren, elkarren artean itsatsi, eta babeslekua eratzen dute pixkanaka. Sekulako energia gastua da hutsetik eraikitzea, horregatik, behin eraikita, urte batean baino gehiagotan erabiltzen dute beharrezko konponketak eginda. Tamalez, halako esfortzuaren emaitza beti ez da arrakastatsua izaten. Hainbatetan tokiak baldintza egokiak ez dituenez errutegia eutsi ez, eta erori egiten da. Beste zenbaitetan bizilagunek eurek puskatzen dituzte zirinek gogaituta…

Datu interesgarriak ematen dituzte habiek, enarak bereizteko erabil daitezkelako. Hiru espezie ditugu Lezon: enara azpizuria (Delichon urbica), enara arrunta (Hirundo rustica) eta sorbeltza (Apus apus). Enara azpizuriak herrigunean egiten ditu habia biribilak eta enara arruntak landa eremuan. Sorbeltzak, aldiz, hormetako arrakaletan bizi dira. Helgaldi motak, azpialdeko koloreak eta isatsaren luzerak ere salatzen ditu. 

Herrikide ugari azken urteetako enaren beherakada nabarmenaz ohartu da. Galerak larrituta, Lezoko Udalak bertako enarak ezagutzera emateko programa jarri du abian. Hala, Lezoko naturzaleak, txikiak zein handiak, habien errolda egiten ari dira, urtez urteko bilakeraren inguruko informazioa biltzeko. Eskuorriak ere zabalduko dira Lezon, espezie bakoitzaren informazioarekin. Abegikor hartu genituen enarak harkaitzetaik herriguneetara salto egin zutenean, baina garai gogorrak bizi diztuzte. Lokatza biltzeko hezegune gutxi, pestiziden eraginez intsektuak urri… Kabia apurtu eta latzago bihurtuko diegu bizia? Ezagutu enarak, babes ditzagun eta berriz ere urtero doinu alaiz josiko dute herria maiatza amaiera aldean.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude