Kaxa Hutsak

Aitzol Saizar Viaña.

Kaxa hutsak euskal iheslarien esperientziak ezagutzeko eta kontatzeko jaiotako dokumental bat da; 2012an hasi, eta zenbait herrialde eta kontinenteetan oraindik ere deserrian bizi den jendearen esperientziak biltzen dituen ikus-entzunezko proiektua.

Proiektuaren oinarria webgunea da, eta bertan bideoak bi modutan ikus daitezke. Batetik, «Geolokalizazioa eta iheslarien testigantzak» izeneko atala dago, eta bertan deserrian bizi diren protagonistak agertzen dira mapan kokatuta. Bestetik,  «Kronografia deserriarena eta bere testuingurua» atala, 1970etik gaur egunera arteko denbora-lerroan kokatutako bideo laburrak ikusgai dituena. 

Modu batera edo bestera, ihesera jo duen jendearen bizimodua kontatzeko balio du proiektuak. Lehenengo protagonista Josu Lariz Iriondo da, 1984an herritik urrun alde egin, eta oraindik bueltatu ez dena. Oraingoz plataforman hari eginiko elkarrizketa soilik egon arren, 6-8 pertsonen esperientziak bildu nahi dituzte.

Joseba Sarrionandiak dioen bezala, «exilioa, armairu batean ezkutatzea da, norbaitek zabalduko duen beldurrarekin, baina baita inork, sekula irekiko ez duen beldurrarekin». Proiektuak protagonistei utziko die euren armairuekin zer egin erabakitzen.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude