Elkarrizketa – «Handitasunak ez dit erosotasunik eskaintzen, anonimotasunak bai» – Pau Goienetxea Urkizu

Donibanen sortu zen Pau Goienetxea Urkizu, 2003an, eta Lezora etorri bizitzera 14 urterekin. Egun itzulpegintza eta interpretazioa ikasten ari da, frantsesa eta ingelerarekin (Universidad Complutense de Madrid). Gizarteko arau ugari puskatu, eta genero kateetatik aske bizitzeko egindako hautuagatik egin diogu elkarrizketa. Ez bitar eta gay definitzen du bere burua sailkatzeko eskakizunei hitz gutxitan erantzuteko, ezin baita beti guztia azaltzen ibili. Hala ere, etiketatik haratagoko hausnarketetara eraman du queertasunean murgiltzeak, baita zernahi bat izateko borrokan aritzeak ere.

Lagun bati eskatuz gero, nola deskribatuko zintuzke? 

Leiala, irekia, eskuzabala eta ona.

Eta ezezagun batek? 

Hotz eta pixka bat beldurgarria, itxuragatik eta jarreragatik. Gazteleraz «inaccesible». Nik proiektatzen dudan irudia talde bateko askeena dabilena izaten da, «la graciosa», baina egia da hori ez naizela ni.

Lezo utzi, eta Madrilen ari zara gaur egun ikasten. Erosoago zaude han? 

Nire ustez madrilek ez dit ezer berezirik eskaintzen, haren tamainak, ordea, bai. Madrilen ez nintzateke biziko, baina giro unibertsitario ona dauka. Espainiar estatu osoko jendea dator, eta komunitate baten parte sentitzen lagundu dit horrek. Askotan hemen safe zone horiek daude, gune erosoak, eta komunitateko jendearentzako eginak. Onartua ez bazara ere, anonimoa zara. Handitasunak ez dit erosotasuna ematen, baina anonimotasunak bai. Gasteizek [gradu bera ikas zezaken han], adibidez, txikia izaten jarraitzen du. Unibertsitatera hara joan izan banintz, asteburutan Lezora itzuliko nintzateke. Ez da hain urruna.

Genero disidentziagatik gonbidatu zaitugu, eta hargatik jasan izan duzu bortizkeria.  

Zorteduna kontsideratzen naiz ez dudalako konfrontazio bortitzik izan. LH2tik DBH3rako tartea pasa dut okerren. Familiako egoera ez zen onena, etxean ez nintzelako aske sentitzen nire burua espresatzeko. Gainera, ez nintzen babestua sentitu eskolan, ez instituzioarengandik ez nire kideengatik. Nire kideak nirekin sartzean ez nintzen babestua sentitzen, eta nire buruarekin gaizki sentitzen nintzen, zulo batean sartuta. Orduan, isekak entzun gabe ere gaizki sentitzen nintzen.  

Eskola, familia, gizartea, lagunak… maiz ez dira bidelagun onak. Norekin, noiz edo non sentitzen zara gustura? 

Txikitatik nire ama izan da gure segurua. Urte batzuetan bereizi egin ginen, baina orain nire ama eta haren lagunak, kolektibokoak, eta nire kabuz egindako lagunak aipatuko nituzke. Bigarren familia sortu dut. Instagrametik hasi zen dena. Han lagunak ezagutu, eta hark beste bat ezagutzen zuenez, beste lagun bat aurkezten zidan… eta, horrela, Madrilen lagun horiekin bizi naiz. Internetagatik ez balitz, ez nituen ezagutuko. Izandako bizipenengatik, nire lagun zirkulua oso itxia kontsideratzen dut. Nire kasuan, Gipuzkoa mailan izan da, eta Donostia izan dugu topagune nagusi. Fisikoki elkar ezagutzeak harreman estuagoa bideratu du. 

Noiz sumatu duzu ingurukoen premia?  

Premia txikitatik. Beti izan naiz el bitxo raro esaten den hori, nire gustuengatik, estereotipoki queerrak deitzen diren gauza horiengatik… Baina denok dugu onartuak izateko premia, babestuak sentitzeko premia. Egia da batzuetan premia handiagoa sentitu dudala, baina ez zait iruditzen hura inoiz falta izan zaidanik. 

Nola asmatu dute ingurukoek babesa adierazten? 

Gutxinaka-gutxinaka. Komunitateko pertsonek errazago izan dute, queerrak sentitzen diren horiek, haien bizipenak antzekoak zirelako. Baina familikoek, denborarekin, akatsak eginda, gutxinaka-gutxinaka ikasi dute. Amonaren kasuan, oso babestua sentitzen naiz, baina ez zait okurritzen hari teoria queerra esplikatzea. Bakoitzak ahal duen moduan babestu izan nau.

Lezo guztiok aske bizitzeko herri izatea nahi dugu. Herrian baztertuta sentitu zara zure identitateagatik? 

Oso baztertua sentitu naiz. Nire klasekideengatik hasi zen, koadrilla sektarioen rollo horrengatik, baina Euskal Herri mailako arazoa da. Nire klasekidea kuadrilla batekoa zen, beraz, kuadrilla osoa nire aurka zegoen. Nik, adibidez, ez dut kuadrillarik izan, eta orduan haientzat nintzen «el solo de clase». Horrela deitzen zidaten behintzat. Lezo azkenean txikia da, baina ez zen bertako jendea bakarrik, Pasaiatik eta Errenteriatik etorritako jendeagandik ere baztertua izan naiz. LHn txikiagoak gara, eta errua kentzen ez digun arren, ez gara hain kontziente egindakoaz. Baina DBH osoan botere dinamikak sortzen hasi ziren, eta hor nabariagoa zen bazterketa.

Zer hutsune sumatzen duzu Lezon Madrilen bezala bizitzeko? 

Ez dira konparagarriak. Lezok ez ditu 7000 biztante, eta madrileek 6 milioi ditu. Puskatu beharko litzateke ditugun dinamikekin, beti berdinak direlako. Gauza monarkiko baten antzekoa da. Esaterako, zure arreba edo ahizpak arrakasta badauka, zuk ere badaukazu, eta zure lehengusinak ere bai, baldin eta normatibotasuna jarraitzen baduzu. Anonimotasunik ez duzu inoiz edukiko. Beti epaituko zaitu jendeak, komeni zaionean. Zure familiako norbait interesatzen bazaie, ongi etortzen bazaie, ez. Bestela…  

Beti biziko gara itxuraz baliatuz, eta zaila da aldatzea. Erreforma asko behar litzatekeela uste dut, bai eskola mailan, bai guraso mailan, bai gizarte mailan. Ez zait aldaketa posible bat iruditzen. Hutsune askoz dauzka herriak oraindik, eta hutsunerik handiena herria bera da, herria txikia izatea. Hiri batek, azken finean, aukera gehiago eskeintzen ditu: jende berria ezagutzeko aukera ematen dizu, leku berriak, eskaintza kulturala… herriak berak eskaintzen ez dizuna.

Izan nahiko zenukeen horretatik gertuago zaude orain? 

Nire buruan ez dago metarik. Orain eroso sentiarazten nau zerbaitek, gero aldatu daiteke. Egunez egun bizi naiz. Orain eroso sentitzen banaiz, modu honetan adaptatzen saiatuko naiz, guztiz moldatu gabe. Beldurra eragiten du. Gizarteak ni izateagatik horrela tratatzen banau, nire jokabideak baldintzatzen ditu horrek. Gutxinaka. Niraetzako genero identitatea ez da ez absolutua, ezta lineala ere. 

Uste duzu besteek bide bera egin dezaten erreferente izan zaitezkela? 

Lezo eta herri txiki mailan izan liteke, ez dakit, nire burua gutxiesten dut… Baina erreferente batzuk izatea garrantzitsua dela uste dut, eta bai ni edo beste edonor erreminta bat izan gaitezke beste pertsona bat bultzatzeko. Lagungarri izan gaitezke, bai. 

Nola? 

Nire kasuan, nire identitatearen parte handi bat euskalduna izatea da, eta nahiz eta Lezok ni guztiz ez onartu, ni lezoarra sentitzen naiz, eta lezoar etiketa jartzeko eskubidea dudala sentitzen dut. Orduan, garrantzitsuena hortatik ihes ez egitea izango litzateke. Gaizki pasa izan dut herri horretan, baina barkatu diot. 

Zer esango zenioke Pau haurrari? Eta nerabeari?

Egia esan, ez dakit zer esango nioken, nerabe izan eta gaizki zaudenean ezin dezulako inorren ikuspunturik entzun, eta haurra nintzenean pozik bizi nintzelako. Gaizki pasa izanak orain naizen pertsona bilakatu nau, eta ez nuke pasatakoa aldatuko. Gainera ez dut pentsatu nahi nolakoa izango nintzatekeen gaizki pasa izan ez banu, azken finean, normatibitatea ez delako nire parte, eta Lezon onartua izateko, gezur konstante batean biziko nintzelako. 

Zure helburuetako bat Lezora bizitzera itzultzea izan daiteke?

Bizitzera ez. Egia da orain lezora bueltatzea esperientzia terapeutiko bat bezala izaten dela niretzako, ama eta familia han ditudalako. Azkenean, beti izango dut loturaren bat Lezorekin, baina ez, ez nintzateke ez Lezon eta ezta Donostian ere biziko. Gehienbat, giroz aldatzea gustatzen zaidalako. 


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude