Fakirraren Ahotsa

Ainhoa Salaberria.

Eleberri honek pertsonaia bilakaturiko pertsonaren bizitza du ardatz. Euskal Herrian ezaguna zaigun Imanol Larzabal abeslariaren bizitza eta, harekin batera, euskal gatazka bost zatitan kontatzen ditu Harkaitz Canok: protagonista gazte militantetik zahar deserriratura. Horiek guztiak Imanol Lurgain pertsonaian ezin hobeto haragituak. Horrek irakurleari Lurgain eta Larzabal bereiztea zailduko dio sarri. Izan ere, fikzioaren eta errealitatearen arteko jolasa abiapuntu izaki, bakoitzetik zenbat ote duen zalantza sortuko zaio irakurleari. Hizkuntzari, geografiari eta garaiari lotutako erreferentzia kultural andanaz josita dago liburua. Hala, irakurle adina irakurketa egin daitezke: irakurle batek hiru ezaugarri horiek konpartitu ditzake, soilik bi, bakarra edo horietako bat bera ere ez. Baina beti Canoren narraziorako abileziaz idatziak, poetikotasunetik askoko eta betelanetik gutxiko eleberri ausartean bilduak.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude