Ola-Ola – Ile pub(l)iko

Ile pubikoak genitalen eremuko gorputz-ileak dira, eta bai gizonengan eta baita emakumeengan ere, hainbat funtzio betetzen dituzte. Hori dela eta, ez da erabateko depilazioa gomendatzen, baina adituek ile horren bolumena jaistea erabaki daitekeela diote, betiere horrek erosoago sentiarazten bazaitu, noski.

Ile horiek hiru funtzio nagusi betetzen dituzte…

…Sexu-harremanak dirauen bitartean, eremu genitalaren kalteak saihestea, eta narritadurak arintzea.

…Zenbait patogenoren sarrera eragoztea.  

…Tenperatura egonkor eta egokia mantentzea ahalbidetzen dute, batez ere emakumeen genitaletan.

Txikitatik erakutsi digute gorputzeko atal batzuetan ilea izateak zikin itxura ematen duela, edota ez dela polita, emakumezkoen gorputzean batez ere. Baina egun gehiago dira ideia hori baztertzen duten pertsonak, baita horri uko egiten diotenak ere. Gaur arratsaldean hondartzara joanez gero, seguruenik lehen baino gizonezko gehiago topatuko duzu gorputzean ilerik gabe, baita gorputzeko ileak ez kentzea erabaki duten emakumezkoak ere. Eta? Non dago arazoa? Non dago zikin itxura? Nork erabakitzen du polita edo itsusia den? 

Utz ditzagun txorakeriak albo batera eta bizi dezala norberak bizitza, inork ea izter txokoan ileak eduki behar ditugun edo ez esan gabe. 


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude